'Michael Kohlhaas' alemanierazko klasikoa, euskeraz
2019-01-18 13:44 KultureaXabier Mendiguren Bereziartuk itzuli dau, eta Katakrak da argitaratzailea.
Literatura alemaniarreko klasikoa da Michael Kohlhaas, orain dala 200 urte baino gehiago Heinrich von Kleistek (1777-1811) argitaratua, XIX. mendearen hasieran. Xabier Mendiguren Bereziartuk euskerara itzuli eban 1993an, Literatura Unibertsala bilduma oparoan. Harrezkero mende lauren pasau dan ezkero, edizino gaurkotua plazaratu dau Mendigurenek berak, oraingoan Katakrak etxeagaz.
Argitaletxe hori atzerriko idazleen itzulpenen bildumea egiten dabil pixkanaka, urtero pare bat itzulpen plazaratuta, Narratiba Sailerako. Takiji Kobayashi, Sergei Doblatov eta Leslie Feinbergen lanak atera eta gero, Michael Kohlhaas da laugarren izenburua. Hedoi Etxarte da editorea.
Dagoeneko 200 urte bete dituan arren, ezaugarri modernodun narrazinoa da Michael Kohlhaas, lantzen dituan gaiakaitik eta von Kleist autoreak darabilen estiloagaitik. Alemaniako literaturako obra ezaguna da, erreferentea. Hori dala eta, besteak beste zinemarako egokitu dabe bi bidar.
XVI. mendeko istorio bat kontetan dau liburuak. Noblea izan ez arren, diru aldetik eroso dabilen merkatari paketsu bat da protagonistea. Junker kategoriako noble bategaz tirabirea izan eta gero, justizia bila hasiko da. Arrazoia daukala ziur daki merkatariak, baina istorioak aurrera egin ahala, konturatuko da justiziaren aurretik beste balore batzuk dirala nagusi gizartean. Erreformearen, nekazarien iraultzen eta sistema politiko barrien sasoi aldakorra agertzen dau von Kleistek, lehenengo nobela erromantikotzat jo izan dan obran.
Jente arruntak gatazketan eta zapalkuntzetan dauen jarrerea aztertzea da Katakraken bildumearen helburuetako bat. Hedoi Etxarte editorearen arabera, Michael Kohlhaas bete-betean sartzen da asmo horretan. Poterearen alde iluna indarrez ikasiko dau, kasu honetan, protagonisteak.
Xabier Mendiguren Bereziartuk hainbat gauza eguneratu behar izan ditu berrargitalpenerako: Ortografia, puntuazinoa, alkarrizketak emoteko modua... irakurleari errazago egingo jakolakoan, berez testu konplexua dalako. Nobedade nagusia, baina, Joseba Sarrionandiak idatzitako berbaurrea da. Idazle iurretarrak, hain zuzen, bidebakokeriari aurre egiten deutsen pertsonaiak aztertzen ditu, sarri agertzen diralako literaturan.
Katakrakek aurreratu dau, bildumako hurrengo liburua Lydia Txukovskayaren Sofia Petrovna izango dala, errusieratik itzulia. Stalinen purgen sasoia kontetan dau obra horrek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!