Chillida Leku 2019ko apirilean berredegiko dabe

Bizkaie! 2019-01-14 11:40   Kulturea

Pozarren gagoz Chillida Lekuk izango dauen aro barri honen aurrean, esan dau Luis Chillidak.



2019ko apirilean, Chillida Leku Museoak ateak berredegiko ditu. Eduardo Chillidak bizirik egoanean sortu eban museoa eta artista honen obrearen zati handiena eta adierazgarriena batzen da bertan. Zabaldu zanetik (2000. urtean), Eduardo Chillidaren inguruko zentro honek ez deutso euskal eskultorearen obrearen zabalkundea egiteari eta ha iraunarazoteari itxi.

2011ko urtarriletik, museoa aurretiko hitzordu bidez bakarrik bisitau eikean, baina egun Chillida Lekun barriztatze-lanak egiten dagoz eta Chillidaren Ondorengotzeak lanok kontu handiz, eskultoreak berak museoaz eban ikuspegiari jarraituz, egitea gura dau: Pozarren gagoz Chillida Lekuk izango dauen aro barri honen aurrean, esan dau Luis Chillidak, Chillidaren Ondorengotzearen izenean. Museoa barriro jardun betean jarteak ilusinoa pizten deusku eta seguru gagoz gure gurasoak zoriontsu izango zirala honegaz. Argi daukagu berredegiteak ikusmin handia eragiten dauela eta Chillidaren obreak sortu dauen interes gero eta handiagoa hazi egingo dala etorkizunean.

Eguneratze-lanak Luis Laplace arkitekto argentinarraren begiradapean egiten dabiz. Eskultorearen bilobea Jon Essery Chillida arkitektoagaz alkarlan estuan dabil Laplace. Piet Oudolf naturearen arkitekto holandarraren ekarpena be badauka proiektuak.

Chillida Leku Hernaniren kanpoaldean kokatuta dago, Donostiatik oso hur. Aire zabalean kokatutako eskulturen paraje batez eta Zabalaga baserriaren barruko erakusketa-gune batez osotuta dago. Baserria XVI. mendean egindako euskal eraikin tradizional bat da. Etxea eta inguruko lurrak laurogeiko hamarkadan eskuratu zituen Eduardo Chillidak eta haren emazte Pilar Belzuncek, baita euren kabuz zaharbarriztau eta egokitu be. Birgaitze-proiektu hori Joaquín Montero euskal arkitektoagaz alkarlan estuan egin zan. Harek lagundu eutsn erakusketa-eremuaren ikuspegi oso personal hau garatzen.

Chillidak museorako kokaleku hau aukeratzeak haren bizitza osoan Euskal Herriko komunidadeagaz, paisajea eta arkitektureagaz izan eban loturea islatzen dau. Eraikin historikoa 11 hektareako (110 mila metro koadro) lursail batez inguratuta dago. Eremu horretan, artisteak egindako 40 bat eskultura original aztertu daitekez.

Zentroa martxan jarri ondoren, talde historikoa handitzen joango da, eta museoa lanpostu-sorkuntzearen eta tokiko ekonomiaren dinamizazinoaren gune legez sendotuko dau.

Zaharbarrizte lanak egiteko Museoak euskal administrazino publikoen laguntzinoa eta babesa ditu. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Sailaren laguntzinoa.

Era berean, Hauser&Wirth arte-galeria Chillidaren Ondorengotzearen ordezkaria da 2017tik eta artistearen ondarea jagoteko alkarlan estuan dabil haren familiagaz, sektorean dauen 26 urtetik gorako esperientziari esker. Konpromiso handiagaz, galeriako lantaldea Chillida Lekurako eredu iraunkor barri bat diseinetako aholkularitzea eta laguntza indibidualizatua emoten dago, etorkizuneko belaunaldiek Eduardo Chillidaren bizitzea eta obrea ezagutzen jarraitu ahal izan deien.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu