Kartel burrukalaria, 16. Zinegoak iragarteko
2019-01-08 11:28 ZinemeaGenero-adierazpenaren gaia lantzeko asmoz, Cassandro el Exótico mexikarra agiri da kartelean.
Zinegoak, Bilboko Gaylesbitrans Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiaren 16. edizinoak kartel deigarria aurkeztu dau: Cassandro el Exótico burrukalari mexikar ezaguna da protagonistea. Izan be, Mexikoko burruka librearen giro matxista eta maskulinoari iges eginaz, bere genero-identidadea lau haizetara zabaldu dau. Aintzindari izan da horretan, baina bere erabagiak ez deutso eragotzi munduko txapeldun hiru bider izatea.
Genero-identidadearen adierazpena landu nahi dabe 16. Zinegoaken, eta Cassandro el Exóticoren irudia eraz dator kontzeptu hori nabarmentzeko. Bakotxa nahi dauen modukoa izatea eta adierazotea aldarrikatuko dau Bilboko jaialdiak, eta adierazpen hori nahi dauen moduan eta lekuan egitea.
Zinegoakeko zuzendari Pau Guillenek nabarmendu dauenez, badirudi gizon eta emakumeek ezarritako arau sozialen arabera bakarrik adierazo leitekela norbere identidadea, eta baten batek kasurik egiten ez dauenean, adjektibo ugari jaso behar ditu: xelebrea, emagizona, desegokia, bitxia…. Hori dala eta, aurten Zinegoakek luma izatearen harrotasuna aldarrikatuko dau, bakotxak eskubidea izan behar dauelako bere generoa adierazoteko, konbentzionalismoak ahaztuz, eta libre eta gustora sentiduta.
Harrigarria da zelan, kolektiboaren barruan be, batzuetan luma izatea negatibotzat joten dan. Azkenaldian lumafobia handitzen dagoala antzemoten gabiz, bai kolektibo barruan eta baita gizartean be, esan dau Guillenek. Cassandroren argazkiak honi guztiari aurre egin gura deutso: persona indartsu bat agertzen da, bere nortasunaz harro, kontrako testuinguru batean bizi arren.
Argazkiaren egilea Katie Orlinsky da eta New Yorker hedabidearentzat egindako erreportaje baten agertu zan. Argazkia Zinegoakeko aurtengo edizinoko irudi ofiziala izango da. Baina Cassandro el Exóticok protagonismo gehiago be izango dau jaialdian. Burrukalari honen bizitzea eta nortasuna hurretik ezagutu ahal izango dogu Marie Losier zuzendariaren Cassandro el Exótico dokumentalaren proiekzinoari esker, Sail Ofizialean.
Horrezaz gan, Sail Ofizialean erakutsiko daben beste lan bat Bertrand Mandico zuzendariaren Les garçons sauvages da. Pelikula honek oso kritika onak jaso ditu nazinoartean. Saio bi egongo dira; euretariko bat Cineclub FASen lankidetzeagaz, zezeilaren 19an. The Man Who Surprised Everyone errusiarra be Zinegoaken izango da.
Bestetik, arte eszenikoen atalean, Xake Produkzinoen Lur ikuskizuna programauko dabe. Umeentzako saio hori lehenengoz ikusi ahal izango da Bilbon, Azkuna Zentroan, zezeilaren 24an.
Zinegoak 2019 zezeilaren 18tik martiaren 3ra bitartean egingo dabe. Sail Ofizialeko eta ganerako ataletako parte-hartzaile guztien barri aurrerago emongo dabela agindu dabe antolatzaileek.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!