Mar Mendibe neurologoa, mediku onenen Forbes zerrendan

Bizkaie! 2018-12-27 11:20   Kulturea

Esklerosi Anizkoitzaren Unidadeko burua da Gurutzetako ospitalean.

Forbes aldizkariaren osagileen zerrendan, ehun onenen artean sartu da Mar Mendibe Bilbao, Espainiako kategorian. Irakaskuntzea, medikuntzea eta ikerketea buztartzen ditu bere egunerokoan, Gurutzetako ospitalean eta EHUren Medikuntza eta Erizaintza Fakultadean. Neurologiaren arloan, esklerosi anizkoitzaren tratamenduetan ibilten da gehienbat. Gaixotasun horren inguruko unidadeko burua da, baita BioCruces Institutuko Neuroimmunologia taldeko zuzendaria eta Espainiako Neurologia Alkarteko kidea be.

Sorpresaz hartu dau Mendibek izendapena, ez ebalako zerrendan sartzea espero. Ehun osagile onenen zerrendan 16 emakume baino ez dagoz, eta Mendibe da horreetako bat. Ilusino handiz dagoan arren, bere lankide askok be zerrendan egotea merezidu dabela uste dau.

Esklerosi anizkoitza gaixotasun gaiztoa da, mundu osoko ikerlariak dabiz sintomak atzeratu eta gaixoen bizi kalidadea hobetzeko bideak topau nahian. Zeregin horretan, ikuspegi baikorra dauka Mendibe doktoreak: Egoera zeharo aldatu da gaixotasunaren pronostikoei eta jarraipenari jagokenez; gaur egun, esklerosi anizkoitza ez dago gurpil-aulkiari lotua, adierazo dau. Berak arlo horretan daroazan 18 urteetan, aurrerapen handia egon dala uste dau.

Mar Mendibek zuzentzen dauen taldeak ikerketa arlo bi lantzen ditu: botikak, proba klinikoetan; eta biomarkatzaileak, gaixotasunaren pronostikoa aurreratzeko substantziak. Horrezaz gan, azken 31 urteotan pazienteek agertu daben bilakaerea Corte de Pacientes de Esclerosis Múltiple de Bizkaia txostenean jaso dabe. Ikerketa horreei esker, pazienteen profila asko aldatu da azken hiru hamarkadetan.

Gaur egun, diagnostikoa errazago eta lehenago egin leiteke. Hartara, gaixoek bizimodu ahalik eta normalena izateko baliabideak ditue eskura. Diagnostikoa beti da kolpe gogorra familientzat, baina orain baikortasun handiagoz heldu leikio.

EHUko laugarren eta seigarren mailako irakasle be bada Mar Mendibe, Gurutzetako ospitalean bertan. Ikasleak asko inpliketan dira; gaixotasunak inpaktu handia eragiten deutse. Ondorioz, gradu amaierako lana Esklerosi Anizkoitzaren inguruan egiten dabe askotan, azaldu dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu