Onintza Enbeita, Bizkaiko txapeldun

Bizkaie! 2018-12-17 08:22   Bertsolaritzea

Etxahun Lekuegaz jokatu eban buruz burukoa Miribillan.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketea irabazi dauen lehenengo emakumea da Onintza Enbeita, eta enbeitatarren familian, hirugarren belaunaldi txapelduna. Aitita Balendinek 1950eko hamarkadan irabazi eban, Jon osabeak 1990ean eta 1992an, eta Onintzak zapatuan, 4.350 zaleren aurrean jokatutako final hunkigarrian.

Zortzi finalista egozan oholtzan, pronostikoak bardinduta, eta publikoa gogotsu. Pankartak harmailetan, bertsolarien aldeko oihuak... eten bakoak izan ziran, baina protagonisten jarduna eten barik, beste final batzuetan pasau danaren kontrara. Zortziko Handian gogoeta politak entzun ziran, Zortziko Txikian umorera jo eben, eta Hamarreko Txikian bertsoaldi ederrak entzun ziran. Onintza pixkanaka nabarmentzen hasi zan, baina oraindino ez egoan garbi nork egingo eban aurrera buruz burukora.

Puntu erantzunen eta bakarkako ariketen ostean etorri zan epaia: Onintza eta Etxahun aurrera. Besteak be ez ziran urrun ibili. Buruz burukoan Onintza eroso ibili zan, erraz kantau eban, gustuko gaiak subertau jakozan eta. Lekue ez zan horren fin ibili, txirristada bat edo beste egin eban, eta horren erruz ezin izan eban orain dala urte bi irabazitako txapelari buruan eutsi.

Jon Enbeita osabeak jantzi eutsan txapela Onintzari. 2006tik, Bizkaiko final guztietan egon da Onintza, eta momenturik berezienean irabazi eban. Izan be, osabeak eta lobeak batera jaso eben bertsozaleen omenaldia.

Sailkapena holan geratu zan:

Onintza Enbeita 843,5 puntu

Etxahun Lekue 814,5

Xabat Galletebeitia 503

Jone Uria 489

Nerea Ibarzabal 489

Miren Amuriza 486,5

Eneko Abasolo Abarkas 463,5

Aitor Bizkarra 461,5

Gai-jartzaile eta aurkezleak Idoia Anzorandia eta Maite Berriozabal izan ziran. Epaileak honeek: Ander Txakartegi Basterretxea, Joseba Santxo Uriarte, Jurgi Fuentes Goikoetxea, Leire Etxebarria Gaztelu, Mirari Azula Aurrekoetxea eta Miriam Juaristi Urizar. Idazkari, Itziar Basterretxea Olarreaga.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu