Jone Uria eta Etxahun Lekue be, finalera
2018-12-03 08:08 BertsolaritzeaAzken finalaurrekoa jokatu zan Lekeition zapatuan.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoetako fasea amaitu zan zapatuan Lekeition, lepo betetako Santi Brouard pilotalekuan. Hortaz, abenduaren 15eko finalean nortzuk egongo diran badakigu: Miren Amuriza, Nerea Ibarzabal, Jone Uria, Xabat Galletebeitia, Etxahun Lekue, Onintza Enbeita, Eneko Abasolo Abarkas eta Aitor Bizkarra.
Lekeitioko saioan, Jone Uria izan zan onena, epaileek 508,5 puntu emon eutsiezen. Etxahun Lekue be fin ibili zan, eta epaileek emondako 502 puntuei esker, finalean egoteko txartela eskuratu eban. Beste lau bertsolariak askoz atzerago geratu ziran, puntuei jagokenez behinik behin: Ibon Ajuriagojeaskoa (468,5), Ander Elortegi (462,5), Txaber Altube (457) eta Arrate Illaro (455). Alde handi hori dala eta, Uria eta Lekue izan ziran Lekeitioko kanporaketatik finalera pasau ziran bakarrak.
Jone Uriak hasieratik erakutsi eban sendo heldu dala aurtengo txapelketara. Ariketa gehienetan ondo ibili zan. Bere esanetan, puntu erantzunetan ikusi eban bere burua erosoen. Bosgarren Bizkaiko finala jokatuko dau algortarrak. Etxahun Lekue be beteranoa da final kontuetan, aurreko edizinoan irabazitako txapelari eustera urtengo dau Miribillako oholtzara.
Finalean egongo dan zortzikotetik, gitxigaitik sartu diranak Abarkas eta Bizkarra dira. Azken finalaurrekoko emoitzak ezagutu arte urduri egon ziran, sartu, ez sartu. Baina finalean lehenengoz kantetako aukerea izango dabe biek.
2016ko finalagaz konparauta, Abarkas eta Bizkarra dira barritasunak, eta Ibon Ajuriagojeaskoak eta Beñat Ugartetxeak lekua galdu dabe. Aitor Bizkarra izango da finaleko gazteena. Abenduaren 15ean, zapatua, 17:00etan, hasiko da Bizkaiko bertsogintzearen hitzordu handia, Miribillako Bilbao Arenan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!