Nerea Ibarzabal be finalean izango da

Bizkaie! 2018-11-26 08:07   Bertsolaritzea

Bizkaiko Txapelketako bigarren finalaurrekoa irabazi eban, Igorren.

Nerea Ibarzabal, Igorren (argazkia: Bizkaiko Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Nerea Ibarzabal markinarrak barriro jokatuko dau finala, Igorreko finalaurrekoan goitik behera nagusitu zan eta. Osasunez sasoi betean egon barik be, hasieratik ekin eutsan puntuak batzeari, eta bakarkako lanean biribildu eban lana, bai puntu erantzunetan eta baita gaia emonda be. Epaileek 514 puntu emon eutsiezen, eta horregaz nahikoa izan eban saioa irabazi eta Miribillako txartela eskuratzeko.

Onintza Enbeitaren lana be azpimarragarria izan zan. Goi mailako bertsoak kantau zituan, eta txapelketara indar betean heldu dala erakutsi eban. Bigarren lekuan amaitu eban, hortaz ez dauka finalerako txartel zuzenik. Baina epaileek emondako 497,5 puntuak nahikoak izango dira, ia ziur, puntukako sailkapenari esker Miribillan egoteko.

Finalean abesteko aukerea dauka, bestetik, Eneko Abasolo Abarkas-ek. Saio dotorea egin eban, ariketa guztietan ale politak itxi eta kartzelakoan goia jota. 487,5 puntu ditu, horrek ez deutso ziurtauko finalean egotea, baina azken finalaurrekoan jazoten danaren arabera, aukera ona dauka Abarkasek.

Malen Amenabarrek be saio polita egin eban, bertsolari beteranoagoen pare ibili zan. Epaileek emondako 474,5 puntuak, baina, ez dira nahikoak izango Miribillan lehenengoz kantetako. Azkenik, Oihana Bartra (467,5) eta Beñat Ugartetxea (460,5) beste txapelketa batzuetan baino eskasago ibili ziran Igorren, eta ezin izango dira finalera bueltau.

Igorreko kiroldegian giro epela egon zan. Sarrera guztiak saldu ziran, eta ia 700 lagun batu ziran harmailetan.

Hurrengo saioan, hirugarren finalaurrekoan, finaleko txartel guztiak banatuko dira. Lekeitioko Santi Brouard kiroldegian izango da hitzordua, zapatuan. Oholtzan honeek egongo dira: Ander Elortegi, Arrate Illaro, Etxahun Lekue, Ibon Ajuriagojeaskoa, Jone Uria eta Txaber Altube.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu