Miren Amurizak irabazi dau lehenengo finalaurrekoa
2018-11-19 08:40 BertsolaritzeaAbenduaren 15eko finalerako zuzenean sailkatu da berriztarra.
Etxean jokatzearen abantailea aprobetxau, eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehenengo finalaurrekoa irabazi eban Miren Amurizak Berrizeko pilotalekuan. Harmailetan giro epela egon zan, etxeko bertsolariari ez eze, ganerako bostei be animoak emoteko. Ondo hasi da, hortaz, finalaurrekoetako fasea.
Epaileek 515,5 puntu emon eutsiezen Amurizari. Saioa irabazteagaitik, ziurtatuta dauka finaleko txartela. Gaur gaurkoz, esan geinke Miren Amuriza eta beste zazpi bertsolari egongo dirala Miribillako oholtzan abenduaren 15ean.
Bigarren lekuan Xabat Galletebeitia geratu zan, 503,5 puntugaz. Orain dala urte bi legez finalean egon nahi badau, beste finalaurreko bietako puntuazinoei adi egon beharko dau. Izan be, hiru saioetako irabazleak zuzenean pasauko dira finalera, baina puntuen araberako beste bost leku be badagoz jokoan, eta Galletebeitiak aukera aproposa dauka.
Atzerago, Aitor Bizkarra hirugarrenak 485,5 puntu batu zituan. Laugarren Imanol Uria izan zan (479), bosgarren Julen Erezuma (464,5) eta seigarren Unai Mendiburu (460). Saio irregularra izan zan, bertsolariak goia jo ezinda ibili ziran, baina ale eder batzuk itxi zituen guzti-guztiek. Entzuleek txaloz eskertu eben hori.
Hurrengo saioa domekan, hilak 25, jokatuko da, Igorren. Oholtzan, honeek bertsolariak egongo dira: Beñat Ugartetxea, Eneko Abasolo Abarkas, Malen Amenabar, Nerea Ibarzabal, Oihana Bartra eta Onintza Enbeita. Pronostiko argi bako finalaurrekoa izango da, sei bertsolarietatik lauk badakie zer dan finalean kantetea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!