Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 260,1 miloe euroko aurrekontua izango dau 2019an

Bizkaie! 2018-11-09 08:15   Kulturea

% 3,8ko igoerea da 2018ko proiektuagaz konparauta.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuk zuzentzen dauen Sailak 2019rako aurreikusitako aurrekontu-proiektua aurkeztu dau Eusko Legebiltzarrean. Proposamenak 260.137.000 euroko aurrekontua dakar, 2018an baino % 3,8 gehiago. Kulturearen sustapenari jagokonez, artearen euskal sistemea sendotzeko egingo dan esfortzua azpimarratu dau sailburuak, bai eta honi lotuta egingo dan inbersino-esfortzua Euskadiko museo nagusietan be. Hizkuntza politikeari jagokonez, azpimarratzekoa da euskerearen ikaskuntzea diruz laguntzeko egingo dan inbersinoa, B2 mailarainoko dobakotasuna lortu gura baita 2020. urterako. Euskerazko hedabideak sendotzeko be ahalegin berezia egingo da Hizkuntza Politikako sailburuordetzatik. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaritzeak, azkenik, diru-sail barri bat sortuko dau nazinoartean autortza ofiziala lortzeko apustua egiten daben federazinoei laguntzeko (125.000 euro).

Kultura sailburuorde Joxean Muñoz, Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaran eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendari Jon Redondo alboan zituala, Sailak batzen dituan hiru arloetarako aurrekontuak azaldu ditu Zupiriak. Proposamena arloz arlo azaltzen hasi baino lehenago, 2019rako proiektuak zehar-lerro lez izango dituan hiru ardatz azpimarratu ditu: emakumeen eta gizonen arteko bardintasuna (305.000 euro bideratuko dira proiektu ezbardinen bidez, igaz baino 203.000 euro gehiago, euskerearen sustapena (euskereari lotutako ikuspegia Sailaren politika guztien muinean dago) eta, azkenik, nazinoartekotzea (Etxepare Euskal Institutua izango da tresna nagusia helburu hori lortzeko).


Kultura Sailburuordetzea

Kultura sailburuordetza osotzen daben zuzendaritza bien -Kultura Sustatzekoa eta Kultura Ondarearena- aurrekontuari jagokonez, Zupiriak artearen euskal sistemearen aldeko apustu hori nabarmendu dau: Artearen euskal sistemea bilbe konplexua da, eragile ugarik esku hartzen dabe eta aditu askoren ustez, gure kultureak Europa mailan dauen adierazpen nagusienetako bat da. Erakundeetatik, sistema hori egituratzen eta bere prestigioa sustatzen lagundu nahi dogu, Euskadin zein kanpoan.

Holan, Jaurlaritzearen ekintza sorkuntza artistikoaren ibilbide guztia estaltzen dauela azaldu dau Zupiriak, beti bere helburu zehatz bategaz: Gure artisten gaitasun sortzailea, gure arte museo nagusien indarra eta tokiko mailako osogaiak zein osogai globalak buztartuko dituan eskaintza erakargarriago bat bultzatzea. Sorkuntza artistikoari eta artelanen egileei emondako laguntzakaz batera, aurten be Azkuna Zentroan egingo dan Eremuak proiektuagaz batera, gure museo nagusien trakzino-indarra sendotzearen aldeko apustua egin dogu, euskal artearen kontaerea dinamizau, nazinoartekotu eta osotzeko, aitatu dau.

Testuinguru horretan, Guggenheim Bilbao Museoari eginiko ekarpenen igoerea nabarmendu dau Zupiriak. Alde batetik, miloe bat euroko ekarpena egingo dau Eusko Jaurlaritzeak 2013 eta 2016 urteen artean egindako ekarpen txikiagoak orekatzeko. Bestetik, beste miloe bat euro emongo jako Museoaren soziedate ukandunari, obra barria erosteko ahalmena hobetu daian (Jaurlaritzeak bide horri ekin deutso aurten, 500.000 bideratuz), 2018-2020 Museoaren Plan Estrategikoan erakundeek adostu eben legez. Esangura horretan, Jaurlaritzeari jagokon ohiko ekarpena be kontuan hartuta, 7.415.000 euro bideratuko dira.

Bilboko Arte Eder Museoari egindako ekarpenak dezente egingo dau gora (% 20 ia) eta miloe bi eurotik gorakoa izango da: Erabagi horri esker Arte Eder Museoa handitu ahal izango da; aitatu handitzea Jaurlaritzeak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak adostu eta zehaztu beharko dabe zuzendaritzak proponidutako 2019-2022 Plan Estrategikoan. Urtea amaitu aurretik eztabaidatu eta onartuko dogu aukera hori, adierazo dau. Azkenik, Vitoria-Gasteizko Artium Museoari eginiko ekarpenak gora egingo dau aurten be. Museoak zuzendaritzea aldatu eta bere proiektu museografikoa zehaztu beharko dau 2019-2023 eperako. Ekarpenak gora egiten dauen hirugarren urtea da jarraian.

Artearen arloari emondako babesaz gan, euskal sortzaileen lana babesteko apustua be nabarmendu dau sailburuak, hori izango baita Kulturea Sustatzeko zuzendaritzearen aurrekontu gehienaren asmoa. Beraz, arte eszenikoak babesteko aurrekontuak % 5 egingo dau gora. Ikus-entzunezkoen arloari emondako babesari jagokonez, zinemagintzeari emondako diru-laguntzinoek legegintzaldiaren hasieran % 35 igon ostean, orain, 2019rako proiektuak Zineuskadiri eta Euskadiko Filmategiari emondako laguntzinoak handitzen ditu.

Musikearen arloari zuzendutako aurrekontua % 5,69 haziko da, gehienbat Euskadiko Orkestra Sinfonikoari emondako ekarpenen hazkundeari eta abesbatzen arloari zuzenduriko deialdiari esker. Euskal Herriko Abesbatzen Alkarteak kudeatuko dauen deialdi horrek 60.000 eurotik 104.000 eurora egin dau gora. Komikien eta ilustrazinoaren arloko barritasun nagusiena ondokoa da: IrudikaNazinoarteko Ilustrazino Topaketa Profesionalari emondako ekarpena % 62 igoko da.

Azkenik, kultura ondarearen arloan, euskal kultura ondarearen garrantzia azpimarratzea eta zabaltzea helburu daben diru-laguntzinoak berreskuratu nahi ditu Sailak. Herri lanetarako aurrekontuaren % 1 kultura ondarearen iraunarazo eta aberasteko lanetara bideratzeko betebeharrari lotuta dagoz laguntzak.


Hizkuntza Politikea

2020rako euskerearen ikaskuntzea B2 mailaraino dobakoa egiteko konpromisoak igoera esanguratsua ekarri dau mailak gainditzen dituen euskaltegiko ikasleei zuzenduriko laguntzetan. 2.475.000 euro bideratuko dira helburu horretarako 2019n, igaz baino % 37,5 gehiago. Era berean, HABEren bitartez euskaltegi pribatuek jasoten daben ekarpena 20.752.000 eurokoa izango da, igazkoa baino % 6 handiagoa.

Bestalde, aldundiakaz eta HEKIMENegaz konpartiduko dan ia bi urteko prozesua eta gero, Eusko Jaurlaritzeak eta aldundiek euskerazko hedabideak finantzietako eta babesteko eredua aldatzea erabagi dabe. Hedabide horreen egonkortasuna eta eskaintzearen kalidadea bermatzea helburu dauen aldaketa horrek ondorioak izango ditu 2019rako aurrekontuetako urte anitzeko kredituetan. Edozelan be, Eusko Jaurlaritzea eta aldundiak zarratzen dagoz euskerazko hedabideen lana laguntzeko bideratuta dirua zehazteko ituna; akordio horretan zehaztuko da erakunde bakotxak egin beharko dauen inbersinoa. Hedabideetan ez eze, apustu honek euskerea ingurune digitalean be sendotu nahi dau, eta bide horretan, 2019an, garrantzitsua izango da, barriro be, euskerazko Wikipedia sustatzeko egingo dan inbersinoa (200.000 euro).

Euskerea sustatzeko eta hiztunak suspertzeko bidean, 2018a Euskaraldiaren urtea izan ostean, 2019an ahalegin berezia egingo da ekimen honen eraginkortasuna neurtzen eta euskerea sustatzeko ditugun estrategiarik eraginkorrenak identifiketan. Horrezaz gan, Hizkuntza Politikako sailburuordetzeak euskerea sustatzeko hainbat ekimen bultzatzen jarraituko dau: Mingaina Dantzan, irakurketa euskeraz sustatzeko Galtzagorri Alkarteagaz landutako proiektua (aurtengo aurrekontua 45.000 eurotara helduko da) edota Euskarabentura (45.000 euro bideratzea proponidu da).

Azkenik, Hizkuntza Politikako sailburuordetzeak proiektu ezbardinak bultzatzen jarraituko dau euskerea arlo sozioekonomikoan indartzeko, eta hizkuntzearen erabilerea arnasguneetan sendotzeko ekimen bati be helduko deutso.


Jarduera Fiskoa eta Kirola

Barrikuntza nagusia izango da ofizialtasunaren alde egiten daben federazinoen lana laguntzeko proponidutako 125.000 euroko aurrekontu-sail barria. Zenbateko horrezaz gan, hainbat kontu-sail bideratuko dira Euskadiko federazinoen lana laguntzeko (3.267.000 euro).

Era berean, gure kirola gure mugez harago sustatzeko bidean, 65.000 euro bideratuko dira Jai Alai World Tour proiektua indartzeko eta 60.000 euro proponidu dira Errugbiko Euskal Ligea sustatzeko, Euskadi-Nafarroa-Akitania Barria Euroeskualdearen markoan kokatutako proiektua. Azkenik, jarduera fisikoa sustatzeko Mugiment proiekturako, guztira, 370.000 euro bideratuko dira.


Etxepare Euskal Institutua

Euskerea eta euskal kulturea nazinoartekotzeko konpromisoa bultzatzeko, Etxepare Euskal Institutua izango da Sailaren tresna nagusia. Kulturearen kasuan, 2019an Eskozian jarriko da jomugea, beti be beste lurraldeak ahaztu barik. ‘Eskozia 2019’ programearen bidez euskal kulturea eta Euskadiko sortzaileen lana herrialde horretara eroango da, proiektu ezbardinen bitartez eta arreta berezia jarriz ospe handiko hango jaialdietan.

Euskerea gure mugez kanpo sustatzeko, 2019an Etxepare Euskal Institutuak Euskerea Munduan proiektuaren kudeaketea hartuko dua, orain arte HABEren ardurea izan ostean. Programa honen helburua da euskerearen irakaskuntzea sustatzea mundu osoko euskal etxeetan.

Azkenik, Zupiria sailburuak adierazo dau EiTB taldearentzako ekarpena % 3,7 igoko dala, 2016-2019 Kontratu-Programaeren arabera jagokon igoerea. Sailburuak adierazo dauenez, 126 milioez gan, 5 miloe euro bideratuko dira euskal zinemea sustatzeko EiTBren bidez; beste 4,4 miloe euro inbersinoak egiteko bideratuko dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu