Sei euskal film labur lehiatuko dira Zinebi 60 Jaialdian
2018-11-08 13:36 KultureaEuskal Zinemearen eguna Jose Antonio Sistiagari buruzko dokumentalaren estreinaldiagaz osotuko da.
Bilboko Udalak antolatutako Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiak – Zinebi 60k bihar zabalduko ditu ateak Arriaga Antzokian, 20:00etan, Mariano Llinás zinemagile argentinarrari emongo jakon lehenengo Ohorezko Mikeldiagaz.
Ordubete lehenago, 19:00etan, kalean, herritarrak jaialdiko edizino berezi honen partaide bilakatzeko, Patxi Araujo eta Martin Etxauri aktoreek oso mapping berezia egingo dabe Bailen kaleko zeru-orratzaren fatxadan.
Gaur goizean aurkeztu dira Bilbon Atal Ofizialaren barruan lehiatuko diran sei euskal film laburrak –lau dokumental eta fikzino bi–, zinemagileak tartean zirala: Iker Maguregi, Boddan Muresanu, María Elorza, Richard Sahagún, Teresa Sendagorta, eta eurekaz batera, Vanesa Fernández Guerra Zinebiko zuzendaria.
Aurten 124 herrialdetik etorrita izena emondako 3.770 film laburretatik, 52 filmek hartuko dabe parte Atal Ofizialean, Zinemaldiko Sari Nagusia eta zinemaldiak dituan hiru generoetako Mikeldia lortzeko asmoz: fikzinoa (22), dokumentala (19) eta animazinoa (11). Lehiaketarako aukeratutako lanen artean Estaduko 13 dagoz, eta horreetako 6 euskal zinemagileek egindakoak dira:
- Ancora lucciole, María Elorza (dokumentala).
- Cadoul de craciun, Bogdan Muresanu (fikzinoa).
- Azken otsoa, Iker Maguregi (fikzinoa).
- Il dolce far, Richard Sahagún (dokumentala).
- Amor siempre, Maider Fernández (dokumentala).
- It is All Right Here, Teresa Sendagorta (dokumentala).
Sei film horreek Bilboko Jaialdiko Sari Nagusia (7.000 euro), Euskal Zinemearen Sari Nagusia (6.000 euro), lehiaketako hiru generoetako –fikzinoa, dokumentala eta animazinoa– Mikeldiak (5.000 euro), eta Ikus-entzuleak-EiTB Saria (3.000 euro) irabazteko lehiatuko dira. Lehiaketara aurkeztutako euskal film laburrek Euskal Gidoi Onenaren SGAE– Euskadi Kontseilua Saria (3.000 euro) eta FAS Zineklub Saria (2.000 euro) be irabazi ahal izango ditue. Barrikuntza lez, aurten, zemendiaren 10ean, Zinebi 60k Euskal Zinemearen Eguna ospatuko dau eta horren barruan, 17:30etik aurrera, Azkuna Zentroko Auditorioan Atal Ofizialean parte hartuko daben Euskal filmak eskainiko dira.
Horrezaz gan, 20:00etatik aurrera, Arte Eder Museoan omenaldi ekitaldia egingo da. Ekitaldi horretan, Ohorezko Mikeldi Berezia emongo jake euskal zinemagile eta beste profesional batzuei. Transizinotik aurrera eta 80ko hamarkadan Bilboko zinemearen protagonista izan ziranetako batzuk izango dira, zehatzago esanez, euren lanei esker gure uriko zinema produkzinoari jarraipena emotea lortu eben protagonistetako batzuk: José Antonio Sistiaga, José Ángel Rebolledo, Anton Merikaetxebarria, Alberto López Echevarrieta, Santos Zunzunegui, Juan Ortuoste, Ramón Barea, Javier Rebollo eta Ernesto del Río.
Euskal Zinemearen egun hori, Jose Antonio Sistiagaren (Donostia, 1932) figureari buruzko dokumentalaren estreinaldiagaz osotuko da, ekitaldiren amaieran. Gerra osteko abangoardia historikoak izan eban artisa plastiko garrantzitsuenetakoa izan zan, Jorge Oteiza, Eduardo Chillida edo Nestor Basterretxeagaz batera, besteak beste.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!