Euskal Boxeo Federazinoa Nazinoarteko Boxeo Federazinoko (IBF) kide izentau dabe

Bizkaie! 2018-11-07 11:55   Kulturea

Basque Teamek iragarri dau Kerman Lejarraga boxeolaria bekadun barria dala.

Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendari Jon Redondok, Euskal Boxeo Federazinoko ordezkariakaz batera, federazino hori Nazinoarteko Boxeo Federazinoko (International Boxing Federation) kide ofizial lez onartua izan dala iragarri dau gaur goizean, Bilbon. Adierazo dauenez, pausu hori mugarri bat da euskal federazinoen nazinoarteko autortza ofizialaren ikuspegitik eta lagunduko dau boxeoa Euskadin bultzatzen. Prentsaurreko horretan, Redondok iragarri dau Kerman Lejarraga boxeolari bizkaitarra Basque Teameko bekadunen zerrendan sartu dabela eta Eusko Jaurlaritzearen mende dagoan fundazinoaren babesa jasoten hasiko dala.

Euskal Boxeo eta Gizeko Kirolen Federazinoko idazkari tekniko Bartolome Torralba, Basque Team Fundazinoko koordinatzaile Olatz Legarza eta Kerman Lejarraga bera izan dira, Redondogaz batera, agerraldian. Ikuspegi juridikoa gogoan hartuta, federazinoen eta, bere kasuan, euskal selekzinoen ofizialtasuna eta nazinoarteko autortzea zenbait kiroletan da posible, ez guztietan. Dana dala, autortza hori lortu ahal izateko eskaria egin beharra dago. Euskal Boxeo eta Gizeko Kirolen Federazinoak pausu hori emon dau eta, egun, boxeoaren arloan nazinoartean izen handiko erakunde bateko kide ofiziala da. Kirol horrek, ganera, tradizinoa eta indarra dauka Euskadin, adierazo dau Redondok.


Beste federazino batzuk

Testuinguru horretan, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak esan dau ofizialtasuna eta nazinoarteko autortzea lortzeko bide horri ekitea erabagiten daben federazino guztien bidaide izateko prest dagoala Eusko Jaurlaritzea: Euskal Boxeo Federazinoak Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaritzearen babesa izan dau prozesuan. Badakigu bide horri ekiteko prest dgozan federazino gehiago dagozala, autortza hori ahalbidetzen daben kiroletan, eta gure laguntzinoa izango dabela azpimarratu nahi dogu, adierazo dau.

Euskal Boxeo Federazinoaren izenean, Torralbak pausu honen garrantzia nabarmendu dau, nazinoartean ospe handia dauen erakundea dalako: Boxeoa kudeatzen daben nazinoarteko lau erakundetako bat da IBF. New Jerseyen (AEB) dauka egoitzea eta ospe handikoa da nazinoartean. Nazinoarteko autortza ofizial hau barri oso ona da, berez, Euskal Boxeo eta Gizeko Kirolen Federazinoarentzat. Biltzar eta hauteskundeetan eta boxeo arautegietan botoa emoteko aukerea dakarrelako. Hiru urtean kide izan ostean, zuzendaritza-karguak hartzeko aukerea be izango dogu. Eta, hirugarrenik, euskal boxeolariek mundu mailako sailkapenetan dituen posizinoak defendiduteko aukera emongo deusku. Era berean, lehentasuna izango dogu Euskadin nazinoarteko txapelketak edo torneoak antolatzeko, aitatu dau.


Lejarraga, Basque Teamen

Prentsaurrekoan iragarri da Kerman Lejarraga Basque Team Fundazinoak laguntzen dituan kirolarien zerrendan sartu dabela (irudi eskubideei lotutako laguntzino baten bidez). Bekeak dakarren laguntzino ekonomikoaz gan, Morgako boxeolariak Basque Teamek bere kirolariei eskaintzen deutsezan zerbitzuez gozetako aukerea izango dau. Olatz Legarzak azaldu dauenez, coaching zerbitzuaz gan, era askotako aholkularitzea eskaintzen jake kirolariei: medikua, teknikoa, lan eta ikasketen ingurukoa edota irudi eta komunikazino mailan. Horrezaz gan, Fadurako Kirol Teknifikazinorako Zentroa erabili ahal izango dau.

Basque Team orain 11 urte jaio zan goi mailako euskal kirola babesteko helburuagaz, eta Kerman Lejarraga nazinoartean osperik handiena dauen euskal kirolarietako bat da egun, IBF beraren nazinoarteko rankingak bistan ixten dauen legez. Ondorioz, logikoa begitantzen jaku Lejarragak Basque Teamen babesa izatea eta zerbitzuak erabilteko aukerea izatea
', gaineratu dau Legarzak.

Kerman Lejarragak welter pisuko Europako Txapeldunaren titulua defendiduko dau BECen, hilaren 17an, Frankie Gavin britainiarraren kontra, eta hitzordu horren atarian pozik agertu da Basque Team babesa jasoteagaitik: Fundazinoaren laguntzino hori benetan eskertzen dot, oso baliogarria izango jat eta kirolari moduan hobetzen jarraitzeko. Bestetik, boxeolari legez, oso positiboa iruditzen jat Eusko Jaurlaritzearen menpeko Basque Team euskal boxeolariak babestea, adierazo dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu