'Goseak janak' liburua plazaratu dau Idurre Eskisabelek
2018-11-07 08:50 KultureaArgitaratzen dauen lehenengo poemategia da.
Idazle oparoa da Idurre Eskisabel, batez be kazetaritzan eta artikulugintzan ibilten da. Baina arlo horreetako bietako arteztasunetik iges egin nahi dauenean, poesiara joten dauela azaldu dau, Donostian egindako agerraldian. Bertan aurkeztu dau Goseak janak (Susa), bere lehenengo poema liburua.
Bere barruko minak, ardurak eta pozak agertu nahi izan ditu lan honetan. Artikuluak idazten baino libreago ibili da olerkigintzan, eta horrek lagundu deutso halako gaiei sakonetik heltzen. Idazlearen ni-a zelan garatu dan ikusiko dau irakurleak, umearen inozentziatik hasi eta helduaroko funtsezko galderetaraino. Ni hori kolektiboa be izan leitekela azaldu dau Leire Lopez Ziluaga Susako editoreak.
Kontzeptu bi behin eta barriro agertzen dira olerkietan: Bezperea eta gosea. Berba biek dituen esangura guztiakaz jokatu dau Eskisabelek. Umezaroko inozentziaren galereak dakarren mina ordezkatzen dau bezpereak, baina baita beti esperientzia barriak bizi izateko gizarteak ezarten dauen beharra be.
Ganera, gorputzari egindako erreferentzia ugari be sartu ditu Eskisabelek poemetan. Leire Lopez Ziluagaren ustez, lurragaz lotutako elementuak be sarritan agertzen dira. Hori dala eta, liburuaren izaera fisiko edo organikoa nabarmendu dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!