Oihana Bartrarentzat finalaurrekoetako azken txartela
2018-11-05 07:57 BertsolaritzeaBerriatuan jokatu da Bizkaiko Txapelketako bosgarren final-laurena.
Oihana Bartrak irabazi eban, domekan, 2018ko txapelketako azken kanporaketea, Berriatuko Mendibarren frontoian batutako 400 ikusleen aurrean. Honenbestez, hilaren 18an hasiko diran finalaurrekoetan nortzuk kantauko daben erabagita dago. Bartrak eskuratu eban hurrengo faserako txarteletako bat, saioa irabazi ebalako, baina Berriatuan kantau eben beste bost bertsolariek ez eben aurrera egin.
Kantukideek baino idea osoagoak plazaratu zituan Bartrak, eta erregularrago ibili zan. Ganerako bost bertsolariek ale politak bota zituen, baina hutsak be tartekatuta. Hortaz, epaileek bilbotarraren alde egin eben, 469 puntu emonaz. Bigarren Josune Aramendi geratu zan, 446,5 puntugaz, eta Ibai Amillategi hirugarrena ez zan urrun ibili, 446 puntu emon eutsiezen eta.
Laugarren lekuan, Itxaso Paia geratu zan, 411,5 puntugaz. Lander Ibarluzea Aitxulua bosgarrenak, ostera, 404,5 batu zituan. Seigarren Asier Alcedo izan zan (399). Gai-jartzailea Idoia Anzorandia izan zan Berriatuan.
Bost final-laurenetako irabazleek ziur daukie finalaurrekoetan lekua: Imanol Uria, Aitor Bizkarra, Malen Amenabar, Txaber Altube eta Oihana Bartra dira. Horreez gan, finalaurrekoetarako beste bost leku banatu ditue. Bost kanporaketetako puntuazinoak kontuan hartuta, sailkapena egin dabe antolatzaileek, eta honeek pasauko dira hurrengo fasera: Ander Elortegi, Unai Mendiburu, Eneko Abasolo Abarkas, Arrate Illaro eta Julen Erezuma.
Finalaurrekoetan, 2016ko zortzi finalistak izango ditue zain: Etxahun Lekue txapelduna, Xabat Galletebeitia, Miren Amuriza, Beñat Ugartetxea, Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita, Ibon Ajuriagojeaskoa eta Jone Uria.
Hiru saio jokatuko dira finalaurrekoetan. Irabazleak zuzenean pasauko dira Bilboko finalera, eta beste bost leku banatuko ditue puntuazinoaren arabera. Honeek dira hitzorduak:
Zemendiak 18, Berriz: Aitor Bizkarra, Imanol Uria, Julen Erezuma, Miren Amuriza, Unai Mendiburu eta Xabat Galletebeitia.
Zemendiak 25, Igorre: Beñat Ugartetxea, Eneko Abasolo Abarkas, Malen Amenabar, Nerea Ibarzabal, Oihana Bartra eta Onintza Enbeita.
Abenduak 1, Lekeitio: Ander Elortegi, Arrate Illaro, Etxahun Lekue, Ibon Ajuriagojeaskoa, Jone Uria eta Txaber Altube.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!