Gema Intxausti, Erlea Maneros eta Bulegoa z/b: 2018ko Gure Artea sariak

Bizkaie! 2018-10-31 08:38   Kulturea

Euskadiko artisten talentua ezagutzera emoteko museoek daben garrantzia azpimarratu dau Zupiriak.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria izan da bart Bilboko Arte Eder Museoan egindako Gure Artea 2018 sarien banaketa-ekitaldiaren buru. Hitzordu honetan sarion hiru modalidadeetako irabazleak egon dira: Gema Intxausti, Erlea Maneros eta, azkenik, Bulegoa z/b kolektiboko arduradunak (Beatriz Cavia, Isabel de Naverán, Miren Jaio eta Leire Vergara). Sailburuak sari honeen garrantzia azpimarratu dau, arte plastikoen eta bisualen esparruan Euskadin emoten diran garrantzitsuenak, euskal artisten lana autortzeko, euren garapen artistikoa sustatzeko eta euren obrea jente gehiagorengana heltzeko.

Zupiria sailburuagaz batera, bertan izan dira, Eusko Jaurlaritzearen aldetik, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua, Joxean Muñoz Kultura sailburuordea eta Aitziber Atorrasagasti Kultura Sustatzeko zuzendaria. Gure Artea sarien bitartez, sormenezko garapena sustatu eta sorkuntzarako pizgarriak eskaini nahi doguz. Horrezaz gan, gure artistei euskal gizartearen, bertako erakundeen eta sektorearen beraren autortzea helarazo nahi deutsegu. Azpimarratu behar da sari honeek sektore honek berak erabagiten dituala, eta horrek sariei balio handiagoa emoten deutsela uste dogu. Amaitzeko, sarion bitartez, euskal artisten obrak ezagutzera emon nahi doguz, adierazo dau Zupiriak.

Ekitaldi hau Bilboko Arte Eder Museoan egin dala aprobetxauta, euskal artisten obrak ezagutzera emoteko euskal museoek daben garrantzia azpimarratu dau Zupiriak: Gure museoek, nazinoarte-mailako artisten obrak guregana hurreratzeaz gan, gure artisten talentua zabaltzeko balio behar deuskue. Gure museoak euskal artegaz konprometidutako eta arte hori ezagutarazoteko eta sustatzeko apustua egiten daben erakundeak dira, eta hola izaten jarraitu behar dabe. Bilboko Arte Eder Museora etorri gara aurten, museo batek egin leiken zubi-lana erakusten dauelako. Euskal artearen konstelazinoaren parte dira gure museoak, esan dau.

Clara Montero (presidentea), Alaitz Arenzana, Iñaki Garmendia, Lourdes Mendez eta Manuel Cirauqui izan dira aurtengo epaimahaikideak. Euren ustez, Gema Intxaustik, Erlea Manerosek eta, azkenik, Bulegoa z/b taldeak merezidu izan ditue aurtengo Gure Artea sariak.


Ibilbide Artistikoari Saria

Gema Intxausti Miangolarra izan da aurtengo irabazlea Ibilbide Artistikoa saritzen dauen modalidadean. Ekitaldian nabarmendu dabenez, epaimahaiak azpimarratu dau lan artistiko geldoa eta lasaia garatzeko hautua bere lanaren ezaugarri nagusietako bat dala: Horrek baldintzatu dau etenik izan ez dauen gai garrantzitsuen inguruko bere hausnarketea, besteak beste, sorkuntza plastikoaren eta ikusizkoaren bidezko irudikapenaren ingurukoa, gehitu dabe ebazpenean. Horrezaz gan, epaimahaiak azpimarratu dau haren ibilbide koherentea, jokera igarokorretatik aldendua, pinturea, eskulturea eta zinemea erabiliz, bizitza duinaren, inkomunikazinoaren, nortasunaren, oinazearen eta plazerraren inguruan hausnartzeko. Azkenik, epaimahaikideek adierazo dabe haren lanak ekarpen garrantzitsua egin deutsola ikusizko euskal sorkuntza garaikideari.


Sorkuntza Lana Autortzeko Saria

Sorkuntza Lana Autortzeko Sariari jagokonez, Erlea Manerosek hartu dau saria. Epaimahaiak laudatu dau posizionamendu kritiko argia eta irudien artisau-trataerea buztartzen dituan artista baten lanean ikus daitekeen koherentzia eta etenbako ikerketea. Epaimahaikideek azpimarratu dabe tradizino grafiko ezbardinei loturiko prozedurak -grabatua, kartela edo fanzinea- barriro asmeteagaz batera, ondorio historiko, politiko eta sozial aitagarriak dituan ikonografia garatu dauela.


Arte Plastiko eta Ikusizko arloan agenteek egindako Lana autortzeko saria

Bulegoa z/b taldeak jaso dau Arte Plastiko eta Ikusizkoen arloan agenteek egindako Lana Autortzeko saria. Beatriz Caviak, Isabel de Naveranek, Miren Jaiok eta Leire Vergarak osotzen daben talde honen kasuan, epaimahaiak azpimarratu dau gizarte-ehunaren eta kultura-erakundeen arteko bitartekaritzearen aldeko konpromiso sendoa dauen proposamena eskaini deutso euskal testuinguruari. Era berean, tokiko mailan -Solokoetxe auzoan, gehienbat- dauen eginkizun dinamizatzailea balorau da, bai eta sareko nazinoarteko proiektutan dauen parte-hartzea be; ondokoakaz lan egin dau: If I Can’t Dance (Amsterdam), Tate Modern (Londres), KW (Berlin), CAC (Vilnius) eta M-Museum (Lovaina).

Sari honeek sormenaren garapena bultzatzea dabe helburu, arte-sorkuntzarako pizgarriak erraztuz eta autortza eskainiz arte sorkuntzeari. Ganera, euskal arte garaikidearen zabalkundeaa errazteko helburua dabe, arte plastiko eta ikusizkoen arloan gizartearen autortzea bideratuz. Guztira, 54.000 euro bideratuko dira ekimen honek saritutako modalidadeetara, eta irabazle bakotxak 18.000 euro jasoko ditu.

Lehenengo modalidadeak, lan eta ibilbide osoa aintzat hartuta egindako lan sortzaileagaitik eta kultureari zein arte garaikideei egindako ekarpenagaitik nabarmentzen dan artisten lana saritzen dau. Bigarren modalidadeak azken urteak hartzen ditu kontuan, eta bere jarduera artistikoagaitik zein sorkuntza garaikideari egindako ekarpenagaitik nabarmendutako artistea edo artista-taldea saritzen dau. Azkenik, hirugarren modalidadeak arte plastiko eta ikusizkoen arloan eragileek egindako sustapen lana saritzen dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu