Aitor Bizkarra be, Bizkaiko Txapelketako finalaurrekoetara
2018-10-29 08:15 BertsolaritzeaPlentziako saioa irabazi dau.
2018ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako final laurenetan, gauzak pixkanaka argitzen hasi dira. Fase horretako azken-aurreko saioan, Plentzian, Aitor Bizkarrak irabazi eban domekan, eta finalaurrekoetan egoteko txartela eskuratu. Puntukako sailkapenari begiratuta, saio horretako ganerakoek ez dabe aukerarik aurrera egiteko.
Kontuak kontu, 300 bertsozalek bete eben Plentziako frontoia, eta oholtzan, sei bertsolari, Zihara Enbeita gai-jartzailearen aginduetara. Aitor Bizkarra irabazleari 461,5 puntu emon eutsiezan epaileek. Bigarren lekuan, Julen Ibarguengoitia geratu zan, 440,5 puntugaz.
Hurrengo biak puntuetara bardinduta geratu ziran: Gorka Pagonabarraga hirugarrenak eta Peru Vidal laugarrenak 433na puntu izan zituen. Bosgarren Peio Ormazabal geratu zan (421,5), eta seigarren, Arkaitz Zipitria (365,5).
Epaimahaian honeek egon ziran: Alaitz Etxanobe Bereziartua, Ander Txakartegi Basterretxea, Jon Jaio Aiartzaguena, Jurgi Fuentes Goikoetxea, Leire Etxebarria Gaztelu eta Miriam Juaristi Urizar. Idazkaria Itziar Basterretxea Olarreaga izan zan.
Hurrengo saioa final laurenetako azkena izango da. Hortaz, puntuen sailkapena osorik ezagutuko dogu, eta saioetako irabazleakaz batera finalaurrekoetan egongo diranak nortzuk diran jakingo dogu. Berriatuan jokatuko da saioa, domekan, hilak 4. Oholtzan, honeek: Asier Alcedo, Ibai Amillategi, Itxaso Paia, Josune Aramendi, Lander Ibarluzea Aitxulua eta Oihana Bartra.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!