Bizkaiko Txapelketako finaleko sarrerak salgai dagoz
2018-10-26 09:44 BertsolaritzeaBilbao Arenan jokatuko da, abenduaren 15ean.
2018ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketea martxan dago, asteotan final laurenetako kanporaketak jokatzen dabiz. Ondoren, finalaurrekoak etorriko dira eta zortzi onenak pasauko dira abenduaren 15eko final handira. Azken hitzordu horretarako sarrerak aurretiaz erosi nahi dituanak, aukerea dauka dagoeneko, Bizkaiko Bertsozale Alkarteak salgai jarri ditu eta.
Aurreko urteetan legez, Bilboko Miribilla auzoko Bilbao Arena pabilioia egokituko dabe finalerako. Milazak bertsozale batzeko nahikoa leku dago hor, eta aurreko edizinoetan giro beroa egon da. Abenduaren 15ean, 17:00etan, hasiko da saioa.
Sarrerak aurretiaz erosteko, www.bertsosarrerak.eus webgunera jo behar da. Sarrera arruntak 18 euroan dagoz salgai, gazteenak 9 euroan. Ganera, Bertsozale Alkarteko bazkideek deskontua izango dabe, 14 euro pagau beharko ditue.
Bestela, finalaren egunean bertan, Bilbao Arenako txarteldegia zabalduko dabe, saioa hasi baino ordubete lehenago. Han be erosi ahal izango dira sarrerak, prezio berean. Hori, aurretik agortu ez badira.
Final laurenetako saio bi geratzen dira oraindino: Domeka honetan Plentzian, eta hurrengoan Berriatuan. Kanporaketa horreetarako eta hiru finalaurrekoetarako sarrerak be salgai dagoz aitatutako webgunean, baita saio guztiak ikusteko bonoak be. Saio bakotxa hasi baino ordubete lehenago (danak dira 17:00etan), txarteldegia zabalduko dabe.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketea fase bitan jokatzen dabiz aurten. Uda aurretik, Udabarriko Fasean, hainbat kanporaketa jokatu zituen, udagoieneko saioetan nortzuk egongo ziran erabagiteko. Udagoieneko Fase honetan, udabarritik datozanei batu jakez aurreko urteetako finalista eta txapeldunak. Tartean dagoz Etxahun Lekue 2016ko irabazlea eta edizino haretako beste zazpi finalistak.
Bost final laurenak amaitu eta gero, 18 bertsolarik kantauko dabe finalaurrekoetan. Zortzi pasauko dira Bilboko finalera: Hiru finalaurrekoetako irabazleak eta puntuazinoaren araberako beste bost.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!