Euskeria Koruaren kontzertuak Eskozian, gaur eta bihar
2018-10-26 08:58 KultureaEdinburgon Fair Saturday ekimena aurkezteko ekitaldien parte dira hiru emonaldiak.
2015ean Bilbon abiatu zan Fair Saturday ekimen kulturala, eta beste herrialde batzuetara zabaltzeko bidean, Eskoziako uriburura, Edinburgora, helduko da aurten. Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariak han izango dira. Fair Saturday aurkezteko ekitaldien barruan, Bilboko Euskeria Korua be Eskozian dabil egunotan.
Etxepare Euskal Institutuaren babesa daukan bira labur horretan, hiru kontzertu emongo ditue Euskeriakoek. Lehenengo emonaldia gaur, urriak 26, izango da, Fair Saturday ekimenak Edinburgon daukan egoitzan. Beste biak bihar, zapatua, izango dira. Bata, Saint Giles katedralean; bestea, Queen's Hall aretoan.
Egitasmo hau Etxepare Institutuak antolatutako Euskal Leihoa programearen parte da. 2018-19 denporaldiari Eskozian ekingo deutsie, hain zuzen. Disziplina ugaritako programa honen bitartez, Eskozian euskerazko kulturea eta euskal sortzaileen lana ezagutzera emotea da helburua. Horrezaz gan, Euskal Herriko eta Eskoziako sortzaileen arteko trukea bultzatu eta alkarlanerako aukerak sortu nahi ditue.
Bilboko Koral Alkartearen gazteen abesbatzea da Euskeria Korua. 1985ean sortu eben eta askotariko doinuak lantzen ditu, Errenazimendutik gaur egunekoetara arte. Europa guztiko jaialdietan hartu dabe parte Euskeriako gazteek, baina Bilbogaz daukien loturea ahaztu barik, urian sarri entzun geinkez euren ahotsak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!