Txaber Altubek irabazi dau hirugarren kanporaketea
2018-10-22 08:46 BertsolaritzeaFinalaurreetarako txartela eskuratu dau bertsolari gazteak.
Zornotzan jokatu zan, asteburuan, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako hirugarren kanporaketea. Txaber Altube abadiñarra izan zan onena, eta, hortaz, finalaurreetan egoteko eskubidea irabazi eban. Abenduaren 1ean kantauko dau, Lekeition, azken finalaurrekoan.
Zornotza Aretoa bete egin zan, bertaratutako 300 ikusleei esker. Puntuazino aldetik, goitik joan zan saioa: Txaber Altubek 478 puntu eskuratu zituan eta Ander Elortegi bigarrenak, 472. Hirugarrena Unai Mendiburu izan zan, 466gaz. Elortegi eta Mendiburu puntukako sailkapenaren goi-goian jarri dira (finalaurrekoetarako zuzenean sailkatuta dagozan saioetako irabazleak kontau barik), kanporaketa biren faltan. Hurrengo faserako txartela hur daukie.
Laugarren lekua Ander Ucelayrentzat izan zan (447 puntu). Bosgarren Inazio Vidal izan zan (419,5) eta seigarren, Aitor Esteban (418). Honeek hirurek ez dabe aukerarik aurrera egiteko.
Zornotzan honeek ibili ziran epaile: Alaitz Etxanobe Bereziartua, Ander Txakartegi Basterretxea, Jon Jaio Aiartzaguena, Jurgi Fuentes Goikoetxea, Leire Etxebarria Gaztelu eta Miriam Juaristi Urizar. Idazkari, Itziar Basterretxea Olarreaga.
Hurrengo saioa, laugarren kanporaketea, Plentzian jokatuko da, domekan, hilak 28. Oholtzan, sei bertsolari: Aitor Bizkarra, Arkaitz Zipitria, Gorka Pagonabarraga, Julen Ibarguengoitia, Peio Ormazabal eta Peru Vidal.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!