Joanes Arrosagaray, Ernest Alkat eta Fermin Mihura omenduko ditue Urepelen

Bizkaie! 2018-10-15 11:16   Bertsolaritzea

Urriaren 20an eta 21ean egingo dabe Xalbador Eguna.

Beste urte batez, Fernando Aire Xalbador bertsolari eta idazle handia gogoratuko dabe bere jaioterrian, Urepelen. Bertsolariak ez eze, herri kirolak, musikea eta jantzak dagoz aurtengo egitarauan, baita urteroko ibilaldia be, Xalbadorren etxolea ezagutzeko.

2018ko edizino honetan, Ipar Euskal Herriko hiru bertsolari omenduko ditue: Joanes Arrosagaray (Aintzile, 1949 – 1998), Ernest Alkat (Iholdi, 1951 – 2008) eta Fermin Mihura (Azkaine, 1946 –2013). Hirurak izan ziran bat-bateko bertsolariak, baina idatziz be bertso asko argitaratu zituen. Xalbador Egunaren antolatzaileek azpimarratu dabenez, gazterik hil ziran hirurak, baina fruitu onak emon zituen.

Horrezaz gan, egitarau zabala atondu dabe urriaren 20 eta 21erako, euskerea eta euskal kulturea aldarrikatu eta Xalbador gogoan izateko. Egun bietarako Urepelera joango diranentzat, kanping zerbitzua egongo dala gogoratu dabe antolatzaileek.

Ekitaldiak barikuan hasiko dira, 21:00etan. Herriko eleizan euskal kantuak eta musika klasikoa entzun ahal izango dira Baigorriko Lagun Alai abesbatzearen eskutik. Ondoren, afaria egingo dabe.

Zapatuan, egitaraua bete-beteta dator. Goizean goiz, mendi ibilaldia egingo dabe Xalbadorren etxolara, Urepeleko bazterrak ezagutzeko aukera ederra. Mezea be egongo da. Goizeko 11:15ean, eskolan, aurtengo hiru omenduak gogoratzeko berbaldia entzun ahal izango da eta, ordu lauren geroago, Bilboko Salbatzaile taldearen jantzak hasiko dira.

Arratsaldeko 13:00etan, herri kirolen desafioa egongo da: Mutrikuko eta Donazaharreko kirolariak nor baino nor ibiliko dira sokatiran, segan, orga eta lastoa altzetan. Ondoren bazkariaren ordua izango da. Bazkalostean, honeek bertsolariak entzuteko modua izango da Urepelen: Amets Arzallus, Xebastian Lizaso, Juan Joxe Eizmendi Loidisaletxe, Jose Luis Gorrotxategi eta Xan Alkat. Erromeriagaz biribilduko dabe jaia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu