Malen Amenabar, Santurtzin irabazle

Bizkaie! 2018-10-15 07:51   Bertsolaritzea

Bizkaiko Txapelketako finalaurrekoetan kantauko dau.

Malen Amenabar, Santurtzin (argazkia: Bizkaiko Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Santurtzin izan dau bigarren geldialdia Bizkaiko Bertsolari Txapelketako udagoieneko faseak. Sei bertsolari oholtzan, Oier Iturralde Fernandez Atano gai jartzailearen aginduetara, eta azkenean Malen Amenabar izan da onena. 480,5 puntu emon deutsiez epaileek.

Bigarren lekua Eneko Abasolo Abarkas-entzat izan da, 460 puntu eskuratu ditu eta. Arrate Illaro hirugarrenak, ostera, 458,5 puntu batu ditu. Laugarren Iñaki Iturriotz izan da (427), bosgarren Imanol Arrutia (394) eta seigarren Ekaitz Larrazabal Katxo (391,5).

Epaimahaian honeek egon dira: Alaitz Etxanobe Bereziartua, Ander Txakartegi Basterretxea, Jon Jaio Aiartzaguena, Jurgi Fuentes Goikoetxea, Leire Etxebarria Gaztelu eta Miriam Juaristi Urizar. Idazkari Itziar Basterretxea Olarreaga ibili da. Publikoak erantzun ona emon dau, bete egin da Serantes Kultur Aretoa.

Honenbestez, Malen Amenabarrek hurrengo fasean egoteko eskubidea irabazi dau. Igorreko finalaurrekoan kantauko dau, zemendiaren 25ean. Ganerakoek, puntuen araberako sailkapenari itxaron beharko deutsie, hurrengo fasera pasauko diran ala ez jakiteko. Eneko Abasolo Abarkas-ek eta Arrate Illarok aukera handia dabe aurrera egiteko, lehenengo saio biak jokatu eta gero, puntukako sailkapenaren goiko postu bietan jarri dira eta.

Hurrengo saioa Amorebieta-Etxanoko Zornotza Aretoan jokatuko da, domekan, hilak 21. Honeek sei bertsolariak egongo dira oholtzan: Aitor Esteban, Ander Elortegi, Ander Ucelay, Inazio Vidal, Txaber Altube eta Unai Mendiburu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu