Bertso Derbia, gaur, Mungian

Bizkaie! 2018-10-04 09:16   Bertsolaritzea

Andoni Egaña gai jartzailearen aginduetara, futbol derbia oholtzara eroango dabe sei bertsolarik.

Athleticek eta Realak liga txapelketako partidua jokatuko dabe, bihar, barikua, 21:00etan, San Mamesen. Bezperan, azken urteotan ohiturea dan legez, bertsolari zurigorri eta txuriurdinek alkarren arteko derbia egingo dabe. Oraingo honetan, Mungiako Olalde aretoak hartuko dau Bertso Derbia, gaur 20:00etan. Sartzea doban da.

Hiru bertsolarik Athletic ordezkatuko dabe oholtzan, eta beste hiruk Reala. Goi mailako bertsolariak dagoz talde bietan. Athleticen izenean, honeek egongo dira: Igor Elortza, Euskal Herriko finalista eta Bizkaiko txapeldun makina bat aldiz; Oihana Bartra, Bizkaiko finalista izandakoa; eta Etxahun Lekue, gaur egungo Bizkaiko txapelduna.

Realaren taldean, ostera, honeek egongo dira: Amets Arzallus, Euskal Herriko eta Iparraldeko txapeldun izandakoa; Maddalen Arzallus, Euskal Herriko finalaurrekoetan kantautakoa; eta Unai Agirre, 2017an Euskal Herriko finalista.

Gai jartzailea be ez da edonor izango: Andoni Egaña, lau bider Txapelketa Nagusia irabazi ebana, oraingoan saioa aurkezten eta bertsolariei gaiak ipinten ikusiko dogu. Hortaz, Athleticen eta Realaren arteko kirol lehiaren atxakian, saio ederra antolatu dabe Mungian.

Athleticen eta Realaren fundazinoek bultzatzen dabe Bertso Derbia, talde bien arteko aspaldiko lehia kulturearen mundura eroateko asmoz. Agertoki, plaza zein zelaietan biziten dan zaletasun zintzo eta aberasgarria sustatu nahi dabela adierazo dau Athleticek ohar baten. Gaurkoa antolatzeko, Mungiako Udalaren laguntzinoa izan dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu