Urriaren 6an hasiko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako udagoieneko fasea
2018-09-25 12:27 Bertsolaritzea30 bertsolari ibiliko dira finalaurrekoetara sailkatzeko lehian.
Udako etenaren ostean, 2018ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketea barriro martxan jarriko da urriaren 6an. Udabarriko fasetik sailkatutako 29 bertsolari eta 2014ko finalista Oihana Bartra entzun ahal izango doguz bost kanporaketetan, finalaurrekoetako txartelaren bila. Saioetako irabazleak eta puntuazinorik onena daukienak kontuan hartuta, hamar pasauko dira finalaurrekoetara. Hor, 2016ko zortzi finalistak izango ditue zain. Finala abenduaren 15ean jokatuko da, Bilbon.
Bertsolarien lana erakusteko plazea da txapelketea, Asier Ibaibarriaga Bizkaiko Bertsozale Alkarteko buruaren arabera, baita zaletasuna bultzatzeko aukerea be. Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera zuzendari Ana de Castrok, aurtengo edizinoko irudia gogoan, uste dau ekosistema baten parte dala lehiaketea. Kolore askotako basoa da bertsolaritzea, eta De Castroren ustez, txapelketearen atzean dagoan guztia elikatzea da Foru Aldundiaren helburua. Harrobia lantzearen alde agertu da, euskerearen erabilereari eta aberastasunari mesede egiten deutsalako gazteak bertsolaritzara erakarteak.
Ekosistema zabal horretan egiten dan lanaren erakusgarri nagusietako bat da Bizkaiko Txapelketea, urte birik behin. 2018ko edizinoa fase erabagigarrian sartu da. Honeek izango dira bost kanporaketak: Gernika-Lumo (urriak 6), Santurtzi (urriak 14), Zornotza (urriak 21), Plentzia (urriak 28) eta Berriatua (zemendiak 4). Saio bakotxean sei bertsolarik parte hartuko dabe.
Kanporaketetako hamar onenak eta 2016ko zortzi finalistak finalaurrekoetan egongo dira. Tartean izango da Etxahun Lekue txapelduna be. Honeek dira hiru finalaurrekoak: Berriz (zemendiak 18), Igorre (zemendiak 25) eta Lekeitio (abenduak 1). Lekuegaz batera finalaurrekoetarako zuzenean sailkatutako zazpirak Miren Amuriza, Xabat Galletebeitia, Beñat Ugartetxea, Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita, Ibon Ajuriagojeaskoa eta Jone Uria dira.
Finalaurreko bakotxeko irabazleak eta puntuazinoaren araberako bost onenak pasauko dira abenduaren 15eko finalera. Ohiko moduan, Bilboko Miribillan jokatuko da.
Saioak 17:00etan hasiko dira eta kanporaketa zein finalaurrekoetako sarrerak salgai dagoz dagoeneko bertsosarrerak.eus atarian. Bestela, saio bakotxa hasi baino ordubete lehenago zabalduko ditue txarteldegiak. Kanporaketetako sarrerak 8 euroan erosi leitekez, finalaurrekoetakoak 11 euroan eta finalekoak, 18an. Bertsozale Alkarteko bazkideek eta 16 urtetik beherakoek deskontuak daukiez eta saio guztietarako bonoa be atera dabe (finalerako ez dau balio), 54 euroan.
Honenbestez, Bizkaiko bertsolariek hartuko ditue oholtzak hurrengo asteotan. Dana dala, Asier Ibaibarriagak ez ditu ahaztu nahi izan txapelketearen ezinbesteko parte diran ganerakoak be: Epaileak, gai-jartzaileak, babesleak, antolatzaileak eta boluntarioak.
Bihar, eguaztena, txapelketearen aurkezpeneko jaia egingo dabe Bilboko Kafe Antzokian, 19:00etan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!