Urriaren 9tik 14ra, Nazinoarteko Inprobisatzaileen Birea

Bizkaie! 2018-09-17 13:32   Bertsolaritzea

Euskal bertsolariek eta Ameriketako inprobisatzaileek hartuko dabe parte Iruñea, Erandio, Hernani, Gasteiz, Baiona eta Donostiako saioetan.

Iruñean egindako aurkezpena (argazkia: Mintzola) | Ikusi handiago | Argazki originala

Iruñeko Kondestablearen jauregian aurkeztu dau Mintzola Ahozko Lantegiak Nazinoarteko Inprobisatzaileen Birea. Urriaren 9tik 14ra bitartean egingo dituen sei saioetan, Euskal Herriko bertsolarien eta munduko beste inprobisazinoen arteko hartu-emonak sendotuko ditue. Horretarako, Kubako eta Argentinako inprobisatzaileak konbidauko ditue.

Kubako Tomasita Quiala inprobisatzailea puntu kubatarra izeneko tradizinoaren ordezkari izango da Biran. 1998an Iruñean antolatutako Bertsoaroan egon zan eta, hortaz, bertsolaritzeagaz izan dau kontaktua lehenago be. Argentinatik datorren ordezkaria, ostera, gazteagoa da. Payadorea da Araceli Argüello eta, 23 urte baino ez dituan arren, hamar bat urte daroaz inprobisazinoa lantzen.

Biran parte hartuko daben euskal bertsolariak honeek dira: Amets Arzallus, Jone Uria, Julio Soto, Maialen Lujanbio eta Xabi Igoa. Txandaka kantauko dabe saioetan, Ameriketako inprobisatzaileen alboan. Gai-jartzaile eta saioen gidari Maite Berriozabal eta Iker Iriarte ibiliko dira.

Urriaren 9tik 14ra, egun bakotxean saio bat egongo da. Hurranez hurran, honeek dira Birako herriak: Iruñea, Erandio, Hernani, Gasteiz, Baiona eta Donostia. Udalek, Euskal Kultur Erakundeak, Haizebegi festibalak eta Donostia 2016-k babestu dabe egitasmoa.

Maider Beloki Iruñeko Udaleko zinegotziak eta Julio Soto bertsolariak aurkeztu dabe Nazinoarteko Inprobisatzaileen Topaketea, Mintzolako eta Lankuko ordezkariakaz batera. Mintzolak bertsolaritzea mundura zabaltzeko eta beste nazinoarteko kantu inprobisaduak ezagutarazoteko lanean dihardu eta Lankuk proposamen barriak taularatzeko apustua egiten dau; sinergia horreek batuta gauzatuko da Nazinoarteko Inprobisatzaileen Birea, azaldu dau Sotok.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu