Haurgune eta Kidegune aisialdi programetan izena emoteko epea zabalik

Bizkaie! 2018-09-03 07:55

Umeen aisialdirako programokaz, Udalaren helburua bilbotarrei familia eta lana buztartzen laguntzea da.

Bilboko Udalak gaur, astelehena, irailaren 3an, zabalduko dau epea Haurgune eta Kidegune umeen aisialdirako programetan izena emoteko 2018-2019 ikasturtean. Epea zabalik egongo da irailaren 6ra (barikua) arte. Eskariak www.bilbao.eus web orriaren bidez, 010/944 010 010 informazio-telefonoan eta udaltegietako Bilbao Click bulego elektronikoetan egin daitekez.

Kanalok erabilita, irailaren 14tik (barikua) aurrera plazak emoteko zozketa publikoaren emoitzak konsultau ahal izango dira. Zozketea bezperan izango da, hau da, irailaren 13an (eguena), 10:00etan, Udaleko Gazteria eta Kirol Saileko Umeen Gaietarako Zerbitzuan (Aznar eraikinaren 4. pisua. Venezuela plaza, 2).

Izena emoteko epea irailaren 14an (barikua) hasi eta 18an (martitzena) amaituko da. Taldeak osotzeko beharrezkoa izango da bakotxean gitxienez 6 ume egotea. Beraz, parte-hartzaileen gitxieneko kopurua bete ezean, eskariak erreserban geratuko dira, persona gehiagok izena emotearen zain. Era berean, bete bako plazak geratu ezkero, ikasturtean zehar inskripzinoak egiteko aukerea dago, urriaren 1etik aurrera, hain zuzen, Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol Sailera deituta. (94 420 43 94/94 420 42 22/94 420 43 95).


Nora... Mundura!

Haurgune eta Kidegune programak 2018ko urriaren 1etik 2019ko bagilaren 15era bitartean gauzatuko dira eta parte hartzen daben umeek munduan zehar ibilteko aukerea emongo deutseen jarduerak egingo ditute. Nora... Mundura! izenburupean beste uri, herrialde, kultura, olgetako era, gastronomia edo arte batzuk ezagutuko ditue. Diseinautako jarduerokaz, umeek balioak jorratuko ditue, besteak beste, errespetua, bardintasuna, aniztasuna eta inklusinoa, ingurumenaren jasangarritasuna eta bizikidetzea.

Gurasoen eskariei erantzuteko, olgetak eta jarduerak euskeraz egingo dira gehienbat, jarduera batzuk ingelesez egingo badira be; holan, umeen artean euskerearen erabilerea sustatzen da aisialdian eta olgetatan be.

Haurguneak eta Kideguneak Begoña, Irala, Otxarkoaga, Deustu, Zorrotza eta Castañoseko udaltegietan eta Zazpi Kaleetako lokal batean egongo dira.


Haurgune eta Kidegune

Haurgune programea 5-8 urteko umeentzat da (2010-2013an jaioak). Astelehenetik eguenera egongo dira zabalik, 17:30etik 19:30era bitartean. Talde bakotxean 12 plaza eskaintzen dira.

Kidegune programea, barriz, 9-11 urteko umeentzat da (2007-2009an jaioak). Barikuetan edo zapatuetan egingo da, 17:30etik 19:30era bitartean eta talde bakotxean 15 plaza eskaintzen dira.

Umeen aisialdirako programokaz, Udalaren helburua bilbotarrei familia eta lana buztartzen laguntzea da, eta, aldi berean, umeek ondo pasetea, besteak beste, errespetua, bardintasuna, aniztasuna eta inklusinoa, ingurumenaren jasangarritasuna eta bizikidetzea jorratuta.

Programa bietako parte-hartzaileek adiskideak egiteko aukerea izango dabe. Ganera, gaztetxuek bizikidetzarako trebeziak ikasteaz gan, aisialdian ondo pasauko dabe. Umeek Haurgune edo Kidegune programetan parte hartzen daben bitartean, familiek zeregin personalak, etxekoak edo lanekoak bete leikiez, holan kontziliazinoa hobetzen lagunduta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu