XI. Mendi Film Festival-ek bost epaimahaikideak aukeratu ditu
2018-08-14 12:37 ZinemeaAldo Audisio, Emi Ueyama, Jim Herrington, Suzan Beraza eta Juanjo San Sebastian dira.
Abenduaren 7tik 16ra egingo dabe XI. Bilbao Mendi Film Festival, mendiagaz, natureagaz eta abentureagaz lotutako film barrienak euskal publikoari hurreratzeko asmoz. Aurreko edizinoetan legez, sari ugari banatuko ditue nazinoartetik etorritako pelikulen artean eta irabazleak aukeratzeko, goi mailako epaimahaia izango dau jaialdiak.
Mendiagaz zein abentureagaz lotutako hainbat alor profesionaletako ordezkariak dagoz aukeratutako bost epaimahaikideen artean. Estadu Batuetakoak dira bi, Japoniakoa beste bat, italiar bat be badago eta Juanjo San Sebastian da etxeko mendizaletasunaren ordezkari. Hiru gizon eta emakume bi dagoz epaimahaian. Honeek dira:
-Aldo Audisio: 2018an erretiroa hartu arte, Torinoko Museo della Montagnako Zuzendaria izan da eta IAMF, International Alliance for Mountain Film-eko sortzaile eta koordinatzaileetako bat. Gaur egun Trento Film Festivaleko antolakuntza taldeko kide da. Mendiko kulturearen dibulgazinoa da haren ipar-orratza. 700 erakusketa baino gehiago antolatu ditu Italian eta mundu osoan, baita era guztietako ikuskizunak, ekitaldiak eta ikerketa proiektuak be. Mendiko zinemagintzan hainbat modutan egin dau lan: Ikonografia esploratuz; Luis Trenker eta Bergfilm ikertuz; 4000 titulu baino gehiago dituan mendiko filmen lehen hiztegia landuz; Terre Magellaniche (A.M. De Agostini, 1933) filmaren zaharbarritzean parte hartuz...
-Emi Ueyama: Zinemagintzan 2000ko hamarkadearen hasieran hasi zan, gidoiak idazten eta Torontoko Sinsedai Cinema Festival-eko programatzaile. Japonia sorterrira itzulita, Tokyo International Film Festivaleko aurre-hautaketa saileko programatzailea da 2014tik. 2015ean ARTicle Films ekoiztetxea sortu eban, Japoniako dokumental independenteak nazinoartean sustatu eta saltzeko. Besteak beste, Tadasuke Kotani zuzendariaren The Legacy of Frida Kahlo koproduzidu dau. Orain Ueyamak 6 proiektu barri ditu eskuartean, bera produktore dala.
-Jim Herrington: Argazkilaria da, hainbat persona ospetsuren erretratatuak eginak ditu. Ganera, ia hogei urtez, Herringtonek munduko alpinista handiak erretratau zituan, XX. mende hasierakoak eta erdi partekoak, The Climbers sortzeko, zuri-baltzeko 60 argazkiz osotutako bildumea. Herringtonen argazkiak hainbat hiritako galerietako erakusketetan egon dira, New York, Los Angeles, Washington DC, Nashville, Milwaukee Charlotte eta abar, eta bilduma pribadu askotan be badagoz.
-Suzan Beraza: Kariben jaio eta bizitakoa da eta PBS, National Public Television, Outside TV, Documentary Channel eta Lincoln Center-ean proiektau ditue haren filmak. Mundu osoko zinemaldietan 30 saritik gora jaso ditu. Bere azken proiektua, Uranium Drive-In, Sundance Institute-k babestu eban. Gaur egun, Massacre River filmaren produkzinoan dabil. Horrezaz gan, Telluride-ko (AEB, Colorado) Mountainfilm jaialdiko zuzendaria da.
-Juanjo San Sebastian: Epaimahaiko euskal ordezkaria da. Mendiko espedizinoetan altuerako espezialistea eta kameralaria da, eta dokumentalgilea. 15 urte baino gehiagoz TVE-ko Al Filo de lo Imposible saioan kolaborau eban. Euskal Telebistan be emitidu dira haren lanak. Alpinista trebea be bada eta K2-ko espedizinoa izan eban esperientziarik gogorrena, hiltear egon zan eta. Kutxabankeko Marketing sailetik, proiektu ugari bultzatu ditu, adibidez Pagasarri Martxea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!