Udagoienean be, Mendi Tour dozenaka lekutara helduko da
2018-08-10 10:10 ZinemeaEuskal Herritik kanpo gero eta uri gehiagotan egiten ditue saioak.
Abenduan egindako XI. Bilbao Mendi Film Festival-en urte osoko jarraipena da Mendi Tour zikloa. Jaialdian aurkeztutako pelikularik onenak beste agertoki eta publiko batzuetara eroateko ahalegina da eta urtetik urtera programazino zabalagoa eskaintzen dau. Antolatzaileek udagoieneko emonaldien barri emon dabe eta Euskal Herritik kanpo egongo dan saio piloa azpimarratzekoa da.
Orain arte, 2018ko Mendi Tour zikloan 60 emonaldi inguru izan ditu, 30 herritan. Udako etentxuaren ostean, udagoienean indarbarrituta bueltauko da, ia beste 30 emonaldigaz. Irailaren 17an, Valladoliden hasiko da eta zemendiaren 24an amaitu, Kantabriako Potesen.
Bitarte horretan, Espainiako hainbat eskualdetan ikusi ahal izango dira Mendi Film Festivaleko pelikularik onenak: Burgos, Leon, Salamanca, Madril... baita Andaluzian be, zemendiaren 16an eta 17an Malagako Álora herrira helduko da eta. Hitzordurik exotikoena irailaren 28koa izan leiteke, itsasoa zeharkatu eta proiekzinoak Kanaria Handian egingo ditue eta.
Etxetik hurrago, Euskal Herrian be ibiliko da Mendi Tour udagoienean. Zornotza, Endoia-Itziar, Errenteria, Getxo, Basauri eta Elgoibar agiri dira zerrendan. Egitarau osoa, hemen.
Mendi Tour zikloko saio guztiak jaialdiko kideek aurkezten ditue, Mendi Tour Festival-en saritu zituen pelikulen inguruko azalpenak emonaz. Proiekzinoak jatorrizko bersinoan dira, azpitituluek lagunduta. Igaz, urte osoko saioetan 10.400 ikusle batu ziran; aurtengo zikloan, udara bitartean dagoeneko 9.000 ikusle inguru erakarri ditue.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!