XXVI. Euskal Encounter sekula baino azkarragoa izango da

Bizkaie! 2018-06-28 10:34

Aukera libreko 4.000 lekuak agortzeko 5 segundo baino ez dira behar izan.



Garagarrilaren 26tik 29ra izango da aurten 26. Euskal Encounter, eta inoiz baino jarduera gehiago dakarz sail guztietan, baita berbaldi, tailer eta stand eskaintza zabala be. 3D inprimagailuen eta errealidade birtualeko esperientzien guneek be protagonismo berezia izango dabe.

Euskaltel Konekta Fundazinoak antolatzen dau Euskal Encounter, Eusko Jaurlaritzearen babesagaz, SPRIren bitartez

Euskal Encounter, informatikaren eta teknologia barrien profesional eta zaleak batzen dituan Estaduko topaketa zaharrena, inoiz baino azkarragoa izango da aurten, Euskaltelen teknologiak ahalbidetzen dauen segundoko 60 gigabiteko internet konexinoari esker. Ganera, 26 urtez egindako hitzorduak indartsu datorrela erakutsi dau, 5.024 jeserlekuak inoiz baino denpora laburragoan hartu baititue parte-hartzaileek: aukera libreko 4.000 lekuak 5 segundoan erreserbau dira, eta ganerako 1.024 tokiak ordu bakar batean banatu dira.

Konexino-abiadureari jagokonez, aurtengo partyak igaz baino 20 gigabit gehiago eskainiko ditu, eta hazkunde nabarmen horri esker, munduko ekimen azkarrenen artean kokatuko da Euskaltel Konekta Fundazinoak antolatutako topaketea. Edozelan be, zale ugari topaketatik kanpo geratu dira leku falteagaitik. 


Jarduera gehiago sail guztietan

Euskal Encounter hazten doa eten barik, baita ekintzen kopuruari jagokonean be. Parte-hartzaileek dozenaka aukera izango ditue euren gaitasunak erakutsi zein ezagutzak konpartiduteko arte digital, hardware, software libre nahiz jokoen arloetan.

Ordenagailu-postuak hartuko dituan guneaz gan, Opengune izeneko eremuak publikoarentzat edegiak eta dobakoak izango diran jarduera ugari batuko ditu: prestakuntza tailerrak eta berbaldiak, informatika produktuak erosteko standak, eta robotikaz, errealidade birtualaz zein 3D inprimagailuez gozetako ekintzak.

Ganera, partyaren nondik norakoak barrutik ezagutu nahi izan ezkero, eguneko sarrerak izango ditue Barakaldoko BECen bertan.


Youtuberren mahai-ingurua

Aurtengo nobedade garrantzitsuenetakoa da dibulgazino zientifikoan eta artistikoan adituak diran youtuber ospetsuen parte-hartzea. Euren berbaldiak, publikoari edegiak, programazinoaren puntu erakargarrienen artean dagoz.

Berbarako, egitarau zabalaren barruan, Rodrigo Septién-ek eta Álvaro Pascual-ek garagarrilaren 27an eskainiko daben Destripando la Historia aurkezpena izango da jarduera interesgarri horreetako bat. Euren Youtubeko kanaletan argitarattako produkzino umoretsuek miloe 2 eta erdi ikustaldi baino gehiago ditue. Miloe bat jarraitzailetik gora dituan Quantum Fracture kanaleko Jose Luis Crespo be Euskal Encounterren izango da, garagarrilaren 27an, Cómo la ciencia ayuda al arte (y viceversa!) berbaldiagaz.

Hurrengo egunean, 280.000 jarraitzaile dituan Xuri Fenton youtuberraren txandea izango da. Internetek eskainitako komunikazino tresnak erabilita istorioak kontetako pasinoa eta artea zelan buztartu dituan azalduko du gazteak.

Aldi berean, youtuber horreek mahai-inguru batean parte hartuko dabe plataforma barrietan eskainitako edukiak kalidadezkoak diran ala ez eztabaidatzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu