Begoñako eleizate zaharreko Zurbaran-Zurbaranbarri ardatz 'Bilbao Izan' ekimenean

Bizkaie! 2018-06-25 08:30   Kulturea

Erreserbak gaurtik, bagilaren 25etik, egin ahal izango dira.

Bilboko Udalak maiatzaren hasieran ekin eutsen barriro uriko gune berezietara egiten diran bisita gidatuei, ondarearen zabalkunderako Bilbao Izan programaeren barruan. Aurten barriro be auzoei begiratzen jake, Begoñako eleizate zaharraren zabalkundeari, hain zuzen be. Esangura horretan, oinezko ibilbidea dakar 1925ean Bilboren esku geratu zan eleizateko landa gunea izan zanetik.

Zurbaran, Bilboren esku geratutako Begoñako eleizate zaharreko nekazaritza gunea zan. Zurbarango Torrearen inguruan baserriak eta txakolindegiak batzen ziran. Ondoren, Etxe Merkeak ezagutzen diranak eregiteaz bat auzoaren irudia aldatu eben kooperatibak etorri ziran. Tomas Bilbao arkitektoak zuzendutako proiektu haregaz, uriko gizarte urigintzearen adibide interesgarrienetakoa heldu zan.

Zurbarandarren Erdi Aroko leinua Artxanda mendiko hegaletatik lasai eta zabal ebilenetik gauza asko aldatu dira auzoan. Ibilbidean zehar, zehetasunetan eta materialetan islatzen dan Zurbarango txaleten aberastasun arkitektonikoa ikusiko dogu, Larrazabal baserriari edo Patillas-en txakolindegi ezagunari buruz egingo dogu berba, eta zinema-areto ospetsu bat oso bestelakoa dan zeozer, parrokia bat, hain zuzen be, bilhurtu daitekeela nabarmenduko dogu.

Bisitak euskeraz eta gaztelaniaz izango dira, martitzenetan eta eguaztenetan 17:00etan eta 18:45ean; eguenetan eta barikuetan 10:00etan, eta 17:00etan (bariku arratsaldez euskeraz) eta zapatuetan 10:00etan, eta 12:00etan, datorren garagarrilaren 28ra arte. Bisita euskaraz egin nahi izan ezkero, taldeek eguna eta ordua adostu ahal izango dabe. Bisiteak ordubete eta erdi inguruko iraupena izango dau, eta talde bakotxak, gehienez be, 30 persona izango ditu. Hori dala eta, beharrezkoa izango da aurretik erreserbea egitea 94 401 00 10 telefono zenbakira deituz (astelehenetik domekara, 08:00etatik 20:00etara), astelehenetik, bagilaren 25etik, aurrera. Bisitarako topalekua Zumaia kaleko 35. zenbakia izango da.


Bilbao Izan

Programea orain hamahiru urte sortu zan, Bilboko biztanleei eta, orokorrean historian interesa daben guztiei, uriaren ondarea eta bilakaerea, eta gaur egun uria osotzen daben guneek denporan zehar izan daben eraikuntza prozesua ezagutaraoteko. Asmo horregaz zenbait ekimen gauzatu dira, horreen artean, auzoetara egindako bisita gidatuak Bilbo, hile bakotxean auzo bat, Botxoko mendi-mazelak deskubriduten eta Hamabi begirada Bilbori programen bitartez. Auzoetara egindako bisita gidatuen programeari jarraipena emonez, Kultura Sailak beste pauso bat emon eban, bere arretea ondarearen ikuspegitik bereziak diran uriko eraikinetan eta jazoeretan jarriz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu