Gau magikoa izango da zapatuan Bilboko Etxebarria parkean

Bizkaie! 2018-06-22 12:17   Kulturea

San Juan bezperea eta udako solstizioaren harian, Bilboko Konparsek gau magikoa atondu dabe bagilaren 23rako.

San Juan bezperea eta udako solstizioa dala eta, Bilboko Konparsek gau magikoa atondu dabe Etxebarria parkean, biharko bagilaren 23rako. Arratsaldeko 19:30ean hasiko da jaia, bilbotarrek lurrari egingo deutsien erritualagaz, egun horrek dauen esanahi sinbolikoa agertzeko. Ondoren, umeentzako olgeta kooperatiboak hasiko dira; bitartean Natxo Monteroren eta Gaztedi jantza-taldeko musikarien jantza-plazea izango da lagun.

Aurrerago, 20:30ean hasiko da ohiko txokolate-edana, doban, bertoko abeltzainek produzidutako esneagaz eta bidezko merkataritzako txokolateagaz egindakoa. Igaz bezela, aurten txokolate veganoa be eskainiko da.

Gaueko 22:00etan hasiko da gaueko ekintzarik ikusgarriena: Akelarre Foc piroteknia-ikuskizuna, Lekittoko Deabruak taldeagaz. Jarraian, 22:30ean, San Juan gaueko su barriztatzailea piztuko da. 22:45ean, bertaratuko diranek queimadea probetako aukerea izango dabe, Deiedra  folk-taldearen abestiak entzungo dituen bitartean.

23:30ak aldera, araoa egingo dabe Etxebarrian batutako herritarrek, hasi barri dan udeari ondoetorria emoteko eta bertan egingo doguzan proiektu guztiak giro onez eta alaitasunean bete daiguzan, konparsakideek azaldu dabenez. Horretarako, uragaz topa egingo dabe, indar telurikoak euren aldera erakarteko.

Bestalde, Bilboko Konparsek antolatutako egitarauaz gan, Bilboko auzoetako jai batzordeek (Auzotarrok) be hainbat ekintza atondu ditue bilbotarrentzat.

 

Akelarre Foc

Ikuskizunean egongo diran pertsonei gogorarazo behar jake gomendagarria dala erreten ez dan erropea jaztea, batez be erropa bakeroa edo erropa zaharra, txano edo kapeleagaz. Era berean, kontuz ibilteko esan deutse antzerkiko personaiei hurreratzeko eta txinparten azpian jarteko asmoa dabenei.

Ikuskizunean parte hartu nahi ez dabenek edo ume-kotxeren bategaz joango diranek okasinorako futbol-zelaiaren alboan kokatuko lekua izango dabe San Juan gaueko ikuskizuna ikusi ahal izateko.


Gauaren ezaugarriak

San Juan gaua. Erritual pagano bat da ingurunearen zikloakaz lotuta dagoana eta gaur egun oraindino ospatzen dana. Udako solstizioa urteko egunik luzeena da eta, horregaitik, gure arbasoek ospatzen eben, eguzkiaren eta naturako elementuen miresle baitziran.

Lurra eta zuhaitza. Udabarriaren amaiereak Ama-lurra ernaldu dau. Uztak batzeko momentua da, baita haziak eta landak be. Arbolek tximistetatik babesten gaitue ekatxetan, eta, urtean zehar, hondamendietatik gordeko gaitue.

Sua. Suagaz eguna luzatu nahi da, Eguzki jainkoak gauari irabazteko. Sua purifikatzailea da: zorigatxak erre eta batzeko doguzan uztak babesten ditu bai izurrietatik baita gaixotasunetatik be.

Ura. San Juan gaueko ura berezia da. Azaleko gaixotasunak osatzen ditu. Ganera, barrutik garbitzen gaitu. Euskal Herrian ohiturea izan dira gau horretako ihintzeagaz garbitzea, oinutsik zelaietan zehar ibiltea eta gauerdia igaro eta San Juan gaueko egunsentira arte ondorengo ura edatea iturrietatik.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu