Gazteak doban sartuko dira Bilboko Arte Eder Museoan

Bizkaie! 2018-06-22 11:18   Kulturea

Ganera, ez da ahaztu behar egunero 18:00etatik aurrera bilduma iraunkorrera sartzea libre dala danentzat.

Bilboko Arte Eder Museoaren Patronatuak, bagilaren 19ko batzarrean, publiko gaztea erakarteko pausu barri bat egitea onartu eban. Gaurtik aurrera, 25 urtetik beherako gazteak doban sartu ahal izango dira museoan, nahi daben egunean eta orduan.

Museoko arduradunek jakitera emon dabenez, museoa ezagutzeko eta bertako altxor artistikoak ikusteko aukerea erraztu nahi deutsie publiko gazteari. Era horretara, gazteei astialdiko beste alternatiba bat emongo deutse eta hezkuntza arloan dauen zeregina indartuko dau. Horregaz batera, museoko obrei bizitasuna emon nahi deutsie, erakusketen audientzia handituz.

Ganera, orain dala aste batzuetatik hona, egunero 18:00etatik 20:00etara, doban bisitau leiteke Arte Eder Museoko bilduma iraunkorra. Lehen, astean behin dobakoa zan sarrerea egun osoz, baina aitatutako formula barri hori ezartea erabagi eban Patronatuak.

Hortaz, dagoeneko 110 urte bete dituan Bilboko Arte Eder Museoa bisitetako aukera aproposa emoten dabe horreek neurri barriek, batez be kontuan hartuta udan egunero zabalduko dabela. Bilduma iraunkorrean artearen historiako pieza esanguratsuak ikusgai dagoz, Erdi Arotik gaur egunera arte, tartean euskal artearen bilduma oparoa.

Horrezaz gan, 110 urte 110 artelan behin behineko erakusketea topauko dabe bisitariek irailaren 17ra arte. Museoaren 110 urteko ibilbidea beste horrenbeste maisulanen bidez laburtzen dauen erakusketea da. Lorategi amaigabea. Jeronimo Bosch dela-eta eta BELTZA eta Argia bideosorkuntzak be ikusi leitekez udan. Hori bai, eraikin zaharra urrira arte zarratuta egongo dala gogoan izan behar dabe bisitariek, erreformak dirala eta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu