Bilbon 15 su izango dira San Juan bezperan
2018-06-22 10:56 KultureaBilboko Udalak kontu handiz ibilteko eskatu deutse herritarrei, arriskuak baztertzeko asmoz.
Bilboko Udalak arduraz jokatzeko gomendioa egin dau eta alperreko arriskuak ebitetako; ganera, gogora ekarri dau galarazota dagoala suak hartu leiken likidorik, lehergairik eta erretzan ke toxikoak sortzen dituen gaiak erabiltea.
Danetara, Bilbon 15 su egiteko baimena emon da. Leku honeetan egingo dira suak: Deustu, Erribera, Ibarrekolanda, Matiko, Zurbaran, Etxebarría parkea, Santutxu, Otxarkoaga, Abusu-La Peña, San Adrian, Irala, Olabeaga, Zorrotza, Masustegi eta Iturrigorri-Peñascalen.
Urteko gaurik laburrenean, San Juan gauean, ehundakaz lagun batuko dira suaren inguruan eta horregaitik Bilboko Udalak gomendatu dau ardura handiz jokatzeko, alperreko arriskuak ebitau eta gau magiko honetaz gozau ahal izateko.
Bilboko Udalak gogoratu dau sua pizteko ezinbestekoa dala Espazio Publikoa Erabilteko Udal Bulegoaren baimena lortzea. Aurten, 15 su egiteko baimena emon da.
Bilbon, barruti guztiek izango dabe, gitxienez, su bat; uriko 15 leku honeetan egingo dira suak:
1. Barrutia: Berrizko ibarbidean (Deustu), Eugenio Olabarrieta plazan, San Pablo eleizearen atzeko aldean (Deustuibarra), Santa Maria Josefa Sancho de Guerra plaza (Ibarrekolanda- Sarriko).
2. Barrutia: Uzturre plazan (Matiko), Iturriondo plazan (Zurbaranbarri).
3. Barrutia: Ugarte plazan (Otxarkoaga).
4. Barrutia: Etxebarria parkean, Karmelo plazan (Santutxu).
5. Barrutia: Ibaieder parkean (Abusu), Floresta lorategian (San Adrian).
7. Barrutia: Eskurtze plazan (Irala) eta plazako ibarraldean (Iturrigorri – Peñascal).
8. Barrutia: Zirgarien kaian (Olabeaga), Azokako parkean (Zorrotza) eta Masustegi estratan, hiru zuhaisketako futbol-zelaien atzekoaldean (Masustegi).
Ganera, gau magiko honetan Bilbo Zaharrean jaiak izango dira. Ez dabe surik piztuko, erromeria, kalejira eta txokolatea egongo dira, Bilbo Zaharra plazaren eta Iturburu plazearen artean.
Aholkuak
Bilboko Udalak kontu handiz ibilteko eskatu deutse herritarrei, arriskuak baztertzeko asmoz. Hain zuzen, Herritarren Segurtasun Sailaren bitartez, gogorarazo gura dau, galarazota dagoala sua hartu leikien likidoak edo lehergaiak erabiltea sua pizteko, bai eta ke toxikoak sortzen dituen materialak erretea be.
San Juan gaueko suei eragin leikioen indarreko ganerako lege-arauak eta beste erakunde batzuek gai honi buruz plazaratu leikiezanak baztertu barik, Bilboko Udalak honako hau adierazo gura dau:
Sua egiteko pilatzen diran materialek, erreten hasi baino lehen, ez dabe hiru metroko altuera gaindituko. Erreteko materialak solidoak izango dira, eta ondorioz, galarazota dagoz lehergaiak edo likido erregarriak. Era berean, galarazota dago ke handia edo ke toxikoa sortu leikien materialak erabiltea (erruberakak, plastikoak, ehun-orioak, aparatu elektrikoak eta abar).
Sua edozein eraikin, linea elektriko, instalazino edo objektu finko nahiz mobikor eta mueta guztietako ibilgailutatik 15 metrora jarri behar da gitxienez.
Suaren inguruan, jentea dagoen alderaino, 4 metroko edo hortik gorako segurtasun-perimetroa egongo da eta perimetro barruan sua jagoten daben personak bakarrik egongo dira.
Galarazota dago sua urbanizautako zoladurearen gainean jartea, asfaltoa edo lauzak izan.
Haize gogorra badago eta horrek sua kontroletako trabea egiten badau, sua piztea bertan behera ixtea balorau daiteke. Haizeagaitik alerta meteorologikoa badago, sua piztea galarazota dago.
Heldu batek gainbegiratu behar du sua beti.
Surtatik hurreko ur-tutu malguak, sua jotekoak edo sua amatatekoak euki behar dira.
Sua dagoan lekutik alde egin baino lehen, ez dagoala txingar edo hausbero pizturik egiaztatu behar da. Ez da sekula sua bakarrik itxi behar, guztiz amatauta ez badago.
Bilboko Udalak laguntza eskatu gura deutse herritarrei, baimenik bako edota baldintza horreetakoren bat beteten ez daben suak piztearen kontra jokatzeko, Bilboko Udaltzaingoaren telefonoaren bitartez (092 edo 112).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!