Hitzarmena sinatu dabe Euskaltzaindiak eta Nafarroako Gobernuak

Bizkaie! 2018-06-22 08:03   Kulturea

Hainbat argitalpen bultzatuko ditue erakunde biek alkarlanean.

Ana Ollo eta Andres Urrutia, hitzarmena sinatzen (argazkia: Euskaltzaindia) | Ikusi handiago | Argazki originala

2018ko lankidetza hitzarmena sinatu dabe Nafarroako Gobernuak eta Euskaltzaindiak, Iruñeko Nafarroa Jauregian. Bertan izan dira Ana Ollo Herritarragazko eta Erakundeagazko Harremanetarako sailburua, Mikel Arregi Euskarabidea erakundeko zuzendari kudeatzailea, Andres Urrutia euskaltzainburua eta Akademiaren hainbat kide nafar.

Hitzarmenaren arabera, Nafarroako Gobernuak 169.000 euro emongo deutsaz Euskaltzaindiari aurten, hainbat proiektu kultural egin daizan. Batetik, La Vasconia peninsular en las fuentes árabes ikerlana bultzatuko dabe eta, bestetik, Joakin Lizarragaren lexikoa aztertzeko egitasmoa. Horrezaz gan, diru-laguntzino horren helburu dira Euskal Corpus Onomastikoa eta Onomastika eta Toponimia lanak.

Bestetik, akordioari esker, Nafarroako Gobernuak Euskaltzaindiaren mendeurrenagaz bat egingo dau eta berau gogoratzeko ekintzak babestuko ditu. Mendeurreneko ospakizunak irailean hasiko dira, Baionan egingo dan biltzarrean. 2019ko urtarrilaren 17an eta 19an mendeurrenagaz lotutako biltzarra Iruñean egingo dabe, hizkuntza eskubideak ardatz.

Mendeurrenaren atarian gagozan honetan, aparteko garrantzia dau hitzarmenak, Nafarroako Gobernuak bere babesa erakusten deutsalako Euskaltzaindiari, beste behin, eta, horregaz batera, alkarlanean jarraitzeko borondatea, adierazo dau Andres Urrutiak. Akademia sortu zanetik, Nafarroako erakundeak lagun izan dituala gogoratu dau euskaltzainburuak.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu