Zinebik eta EHUk 'Bitabe? Bideo Talentu Barriak' jarri dabe martxan, ikasleen sormena sustatzeko

Bizkaie! 2018-06-12 12:01

Lehenengo deialdi honetara 44 animazino, fikzino, dokumental eta bideo-sorkuntza lan aurkeztu dira.

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiak (Zinebi), EHUKultura Bizkaiagaz eta UPV/EHUko Arte Eder eta Gizarte Zientziak fakultadeakaz lankidetzan, Bitabe, Bideo Talentu Barriak jarri dabe martxan topaleku izateko eta ikasleen artean sortutako ikus-entzunezko produkzinoak ikusgai bilakatu eta balioan jarteko helburua dauen sariketea.

Lehenengo deialdi honetara 44 animazino, fikzino, dokumental eta bideo-sorkuntza lan aurkeztu dira. Finalisten (15, gehienez be) proiekzinoa eta sariak emotea datorren eguenean, bagilaren 14an, izango da, arratsaldeko 18:30ean, UPV/EHUko Bizkaia Aretoan. Euskal ikus-entzunezkoen sektoreko profesionalek eta Zinebiko eta UPV/EHUko ordezkariek osotutako epaimahaiak 800, 600 eta 400 euroko hiru sari emongo ditu.

Sariketa barria hiru Campusetako ikasleei dago zuzenduta, Gradukoei, Masterrekoei, Doktoretzakoei edo 2014-2015 ikasturtearen ondorengoei, eta helburua Euskal Herriko Unibersidadeko ikasleen talentua aintzatestea eta saritzea da. Ikus-entzunezko piezak aurkezteko epea joan dan maiatzaren 14an zarratu eben, 44 lan aurkeztuz. Aukeraketa batzordeak horreeetatik 39 aukeratu zituan, eta horreek izango dira hiru sari eskuratzeko lehiatuko diranak.

Beste persona batzuen artean, aukeraketa batzordea Natxo Rodríguez UPV/EHUko Kultura Zuzendariak, Nerea San Martín EHUkultura Bizkaiko zuzendariak, Vanesa Fernández Guerra Zinebiko zuzendariak, Arantza Lauzirika UPV/EHUko Arte Eder Fakultadeko dekanoak eta Aintzane Pagadigorria UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazino Zientzien Fakultadeko Ikus-entzunezko Komunikazino irakasleak osotuko dabe.

Bitabe, Bideo Talentu Barriak ekimenaren lehen edizino honetako sarien banaketea hilaren 14an izango da UPV/EHUko Bizkaia Aretoan (Abandoibarra Etorbidea, 3), arratsaldeko 18:30ean, eta ekitaldiari amaierea emoteko Quiet Guest Dj-ren saioa programau dabe. Ekitaldirako sarrerea librea izango da, aretoko leku guztiak bete arte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu