Balmaseda, Bizkaiko bertsolaritzearen erdigune
2018-05-04 13:43 BertsolaritzeaEskolarteko finalak eta Bizkaiko Txapelketako kanporaketea jokatuko dira domekan.
Egun berezia izango dau Bizkaiko bertsolaritzeak domekan, maiatzak 6. Egun osoko egitarau baten barruan, Eskolarteko Txapelketeak eta Bizkaiko Txapelketearen Udabarriko faseak bat egingo dabe Balmasedan.
Eskolarteko txapelketan 18 urtetik beherako bertsolari gazteek parte hartzen dabe, modalidade bitan: Idatzia eta bat-batekoa. Bietako finalak izango dira Balmasedan. Goizeko 10:00etan idatzizko finala hasiko da frontoian eta Bizkaiko hainbat lekutatik heldutako gazteak ibiliko dira antolatzaileek emondako gaiei bertsoak jarten. Sariak emoteko orduan, mailaka banatuko ditue, LH5etik Batxilergora.
Goizeko 11:30ean, ostera, bat-batekoaren txandea izango da. Modalidade horretan, lau kanporaketa jokatu dira aurreko asteetan eta hortik urten dabe zortzi finalistek. Saio bakotxeko lau irabazleek eta puntuazinoz sailkatutako beste lauk igongo dabe Klaret Antzokiko oholtzara. Honeek dira finalistak: Maite Sarasola, Iruri Altzerreka, Peru Irastorza, Amaiur Atxa, Ander Sarriugarte, Bittor Altube, Gorka Pagonabarraga eta Maddi Egiguren.
Eguerdi partean, barriz, idatzizko modalidadeko sariak banatuko ditue eta, ondoren, bazkaria egongo da frontoian.
Arratsaldean, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako saioa egongo da, Klaret aretoan. Honeek izango dira parte-hartzaileak: Aitor Bizkarra, Aritz Landeta, Beñat Molina, Iñaki Lersundi, Ion Barrocal eta Ion Ander Urkiaga. Gai-jartzailea Xabier Sainz de la Maza izango da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!