Julen Ibarguengoitiak irabazi dau Gautegiz-Arteagan

Bizkaie! 2018-05-02 08:36   Bertsolaritzea

Bizkaiko Txapelketako Udabarriko Faseko seigarren saioa izan da.

Argazkia: Bizkaiko Bertsozale Alkartea | Ikusi handiago | Argazki originala

Julen Ibarguengoitiari 173 puntu emon deutsiez epaileek eta, hortaz, Gautegiz-Arteagako Kultur Etxeko saioko onena izan da. Bigarren lekuan Joseba Barandiaran geratu da, 168,5 puntugaz, eta Itxaso Paia hirugarrena ez da urrun ibili (167).

Atzerago sailkatu dira Igor Galartza (158), Iker Garitagoitia (152,5) eta Maider Barañano (136,5). Bizkaiko Bertsozale Alkarteak jakitera emon dauenez, giro ederrean egin dabe Gautegiz-Arteagako saioa.

Leire Garatxena izan da gai-emolea eta epaileak honeek izan dira: Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa, Mirari Azula Aurrekoetxea eta Miriam Juaristi Urizar, idazkari Itziar Basterretxea Olarreaga dala.

Hurrego saioa berezia izango da, izan be, maiatzaren 6an, Bizkaiko bertsolaritzearen erdigune bihurtuko da Balmaseda: Udabarriko Faseko kanporaketea ez eze, Eskolarteko finalak jokatuko dira, bat-batean zein idatziz, eta bazkaria be egongo da. Udabarriko Faseko kanporaketan, honeek sei bertsolariak egongo dira oholtzan: Aitor Bizkarra, Aritz Landeta, Beñat Molina, Ion Barrocal, Iñaki Lersundi eta Jon Ander Urkiaga.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu