Ekaitz Larrazabal eta Malen Amenabar, Bizkaiko Txapelketako lehenengo irabazleak

Bizkaie! 2018-04-16 08:30   Bertsolaritzea

Bilboko eta Derioko saioetan puntuazinorik altuena emon deutsie, hurranez hurran.

Ekaitz Larrazabal, Bilboko saioan (argazkiak: Bizkaiko Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaiko Bertsolari Txapelketea martxan da, asteburu honetan jokatutako saio biek emon deutsie hasierea 2018ko edizinoari. Izan be, abenduko finalerako asko faltau dan arren, Udabarriko Faseko kanporaketek bertsoz beteko ditue hurrengo asteak. Bilbon jokatu zan lehenengo saioa, zapatuan, eta han, Ekaitz Larrazabal Katxo izan zan onena. Domekan, Derion, Malen Amenabar irabazle.

Bilboko BBK Salan jokatutako kanporaketan, puntu gitxiko aldea egon zan lehenengo hiruren artean. Ekaitz Larrazabali 160,5 puntu emon eutsiezan epaileek eta Asier Legarreta bigarrenari, 158. Hirugarrenak, Mikel Goirienak, 153,5 eskuratu zituan. Atzerago geratu ziran Peru Astigarraga (140), Maddalen Ruesgas (134,5) eta Bikain Urkiri (119).

Txapelketako lehenengo saioan, Oier Iturralde Fernandez Atano izan izan zan gai-emolea. Epaimahaia, ostera, Iñaki Aurrekoetxea Arkotxak, Mirari Azula Aurrekoetxeak eta Miriam Juaristi Urizarrek osotu eben, idazkari Itziar Basterretxea Olarreaga zala.

Domekan, ostera, Derioko Gurea Aretoan jokatu zan bigarren kanporaketea. Kasu horretan, alde handiagoa atera eutsen irabazleak ganerakoei. Malen Amenabarrek indartsu ekin deutso txapelketeari eta orain arteko puntuazinorik altuena berak eskuratu dau, 167,5. Hurrengo bostak, baina, hamar punturen barruan sartu ziran: Bigarren lekuan Aissa Intxausti geratu zan (156 puntu), hirugarren Mikel Retolaza (151,5), Enare Muniategi laugarrenak 150,5 puntu batu zituan, Iñigo Kortazarrek 149 eta Koldo Gezuragak 146.

Xabier Sainz de la Maza Bilbao izan zan Derion gai-emole. Epaimahaian, ostera, Joseba Santxo Uriarte, Mirari Azula Aurrekoetxea eta Miriam Juaristi Urizar egon ziran, Itziar Basterretxea Olarreaga idazkariagaz batera.

Hurrengo asteburuan hiru saio egongo dira. Zapatuan, hilaren 21ean, Otxandion. Eta domekan, saio bikotxa Ondarroan.

Malen Amenabar, Derion

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa