Bizkaiko Bertsolari Txapelketea hasiko da astegoienean

Bizkaie! 2018-04-13 13:37   Bertsolaritzea

Udabarriko faseko lehenengo saioa zapatuan jokatuko da, Bilbon; domekan, Derion da hitzordua.

Orain dala urte biko edizinoan estreinautako ereduari eutsita, fase bitan banatuko dabe 2018ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketea. Orain, udabarrian, jokatuko dira lehenengo kanporaketak eta indartsuenak udagoieneko fasera pasauko dira. Lehenengo saioa bihar, apirilak 14, jokatuko da, Bilbon, eta maiatzaren 26an amaituko da udabarriko fasea, Abadiñon.

Udabarriko fase hnoetan, hamaika herritan izango dira saioak, baina hamahiru saio izango dira, kanporaketa bikotx bi egongo diralako: Apirilaren 22an, Ondarroan eta maiatzaren 13an, Getxon. Kasu horreetan, eguerdian seikote bat lehiatuko da eta arratsaldean beste bat. Ganerako herrietan kanporaketa bakarra antolatu dabe: Bilbon, Derion, Otxandion, Gautegiz Arteagan, Balmasedan, Elorrion, Areatzan, Erandion eta Abadiñon.

Bizkaiko bertsogintzearen hitzordu nagusiak, hortaz, Bilbon izango dau hasierea eta amaierea 2018ko edizinoan. Biharko saioa BBK Salan izango da, 17:30ean, eta honeek bertsolariak egongo dira oholtzan: Asier Legarreta, Bikain Urkiri, Ekaitz Larrazabal, Maddalen Ruesgas, Mikel Goiriena eta Peru Astigarraga. Gai-jartzailea Oier Iturralde izango da. Apiriletik abendura tarte handia dagoan arren, txapelketea uri berean amaituko da, baina ez areto berean, Miribillako Bilbao Arenan baino.

Udabarriko faseko bigarren saioa, domekakoa, Derioko Gurea aretoan jokatuko da, 17:30ean. Aissa Intxausti, Enare Muniategi, Iñigo Kortazar, Koldo Gezuraga, Malen Amenabar eta Mikel Retolaza entzun ahal izango doguz, Xabier Sainz de la Maza gai-jartzailearen aginduetara.

Bilbo eta Derioko sarrerak saio bakotxa hasi baino ordu erdi lehenago ipiniko ditue salgai, aretoetako txarteldegietan. Lehenengo fase honetan hiru euroan salduko ditue sarrera arruntak eta bazkideek euro bi pagau beharko ditue. 16 urtera artekoak doban sartu ahal izango dira.

Udabarriko saio guztien egutegia, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu