Joseba Sarrionandiaren unibersoa, film kolektibo baten
2018-04-11 12:27 ZinemeaHamabi zinemagile dabiz Gure oroitzapenak proiektuan lanean.
Euskal literatura modernoaren ordezkari nagusietako bat dan arren, Joseba Sarrionandiaren lanetan oinarritutako film luzerik ez da egin orain arte. Gure oroitzapenak izango da lehenengoa, udagoien aldera amaitzen dabenean. Izan be, momentu honetan pelikulea egiten dabiz, Adabaki Ekoizpenak etxekoek azpimarratu dabenez. Prozesuan geldialdia egin, eta pelikulea zelan doan azaltzeko agerraldia egin dabe Bilbon.
Film luzea, 90 minutu ingurukoa, eta kolektiboa da Gure oroitzapenak. Hamabi zinemagile dabiz bakotxa bere zatia sortzen: Oskar Alegria (Iruñea), Özcan Alper (Turkiako armeniarra), Asier Altuna (Bergara), Mireia Gabilondo (Bergara), Eugène Green (Paris, Frantzia), Itziar Leemans (Donibane Lohizune), Josu Martinez (Bilbo), Fermin Muguruza (Irun), Ane Muñoz (Hondarribia), Maider Oleaga (Bilbo), Carlos Quintela (Habana, Kuba) eta Maialen Sarasua (Orio).
Joseba Sarrionandiaren uniberso literarioan oinarritutako istorio bat sortzen dabil zuzendari bakotxa. Gustuko istorioak, gaiak eta ikuspegia aukeratzeko askatasuna emon deutsie, baina Adabaki Ekoizpenak-eko kide Hibai Castrok zehaztu dauenez, pelikuleak batasun tematiko eta estetikoa izango dau. Hau da, ez dira hamabi film labur izango, film luze bakarra osotuten daben hamabi pieza baino.
Uniberso bat erakusten dau film honek, hamabi zinemagileren begietatik, azaldu dau Adabaki Ekoizpenak-eko Lutxo Egiak. Izan be, Joseba Sarrionandiaren literatureak uniberso oso identifikagarri bat daukiela uste dau. Eta, halandabe, ikus-entzunezkoetan gitxitan landu izan da. Antzerkia, musikea, jantzea... egin da Sarrionandiaren testuetan oinarrituta, baina zinema gitxi, beharbada Asier Altunaren Topeka lan laburra da kasu bakarra.
Proiektuaren idea Matxitxak ekarri eban Kubatik, hainbat euskal musika taldetan ibilitako sortzailea Kuban bizi dalako orain, Sarrionandiaren moduan. Adabaki Ekoizpenak etxeak erronkea onartu eta 2016ko udearen ostean ekin eutsien lanari. Oinarrizko asmoetan agiri ziran zuzendarietako batzuk, beste batzuk gero batu dira, baina danek dabe lotura handia Sarrionandiaren testuakaz, Lutxo Egiaren arabera.
Joseba Sarrionandiak berak hasieratik daki Gure oroitzapenak proiektuaren barri, zelanbait oneretxia emon ebala esan leiteke, baina bertan parte hartu barik.
Askotan galdetzen dogu zein ete dan Sarriren benetako arpegia: Zuri-baltzean urteetan ezagutu genduan ha, orain agertu dana... Sarrionandiaren arpegia bere literaturea da, arpegi poliedrikoa, ertz askoduna, azaldu dau Lutxo Egiak. Horregaitik, Gure oroitzapenak pelikulako hamabi piezetan aniztasun handia dago. Sarriren iruditeria aberatsa nabarmendu dabe proiektu honen bultzatzaileek.
Adabaki Ekoizpenak etxeko hirugarren kidea dan Mikel Arredondoren esanetan, era honetako proiektuak luzeak eta konplikaduak izaten dira, baina martxan dabiz. Errodajeak ia amaituta, postprodukzinoa faltauko da udagoienean estreinau baino lehen.
Argibide gehiago hemen.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!