Bilbao Mendi Film Festivalerako pelikulak aurkezteko epea zabalik
2018-04-04 09:35 ZinemeaIrailaren 15era arte aurkeztu ahal izango dira proiekzinoak.
Abenduaren 7tik 16ra ospatuko dabe Bilbao Mendi Film Festivalaren 11. edizinoa eta dagoeneko pelikulak aurkezteko izen-emote epea edegi dabe, irailaren 15era arte.
Proiekzino honeek mendiaren ganeko gaiak jorratzen ditue: alpinismoa, eskaladea, abenturea eta mendi kirolak, eskia, muturreko kirolak, ekologia, ingurumena, etnografia… Antolatzaileek azaldu dabenez, 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera produzidutako lanek baino ezin izango dabe parte hartu aurten. Jaialdiaren webgunean parte hartzeko oinarriak dagoz.
Sail ofizialeko sari guztiek izango dabe Eguzkilore garaikurraz batera diru-ordaina, eta danetara 23.000 euro banatuko dira:
- Sari Nagusia, Film Onena: Eguzkilorea eta 6.000 euro.
- Zuzendari Onena: Eguzkilorea eta 3.000 euro.
- Argazkilaritza Onena: Eguzkilorea eta 2.000 euro.
- Gidoi Onena: Eguzkilorea eta 2.000 euro.
- Epaimahaiaren Saria: Eguzkilorea eta 2.000 euro.
- Mendiko Film Onena: Eguzkilorea eta 1.500 euro.
- Eskaladako Film Onena: Eguzkilorea eta 1.500 euro.
- Kirol eta Abenturazko Film Onena: Eguzkilorea eta 1.500 euro.
- Mendi-kulturea eta Naturearen ganeko Film Onena: Eguzkilorea eta 1.500 euro.
- Euskerazko Film Onena: Eguzkilorea eta 1.000 euro.
- Film Labur Onena: Eguzkilorea eta 1.000 euro.
- Ikusleen saria: Eguzkilorea.
Beste alde batetik, festibaleko arduradunek dinoenez, Mendi Tour zirkuituak sekulako martxea daroa urtea hasi zanetik eta dagoeneko 5.000 ikusle batu ditu. Mendi Film Festivalean igazko edizinoko filmik onenak batzen dituan ekimena Euskal Herria, Kantabria, Asturias, Valentzia eta Pirinioetatik ibili da negu partean. Jokereak gora jarraitzen dau, bai emonaldi eta baita ikusle kopuruetan be: aurten hamalau Mendi Tour egin ditue orain arte; Tolosa, Igorre eta Gasteiz hitzordu klasikoak dira, Eibar, Zangoza, Canet d’en Berenguer edota Vielha egonkortu egin dira, eta saio barriak be sortu dira, Cangas de Onís, Reinosa, Agurain eta Amurrion esaterako.
Apirilean honeek izango dira Mendi Tour-en geltokiak: Hondarribia (apirilak 7-8), Vigo (12-13), Urnieta (13), Camargo (17-18), Leioa (18-19), eta Iruñea (23-24-25-26).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!