Zinegoak-ek epaimahaikideen barri emon dau

Bizkaie! 2018-01-25 12:51   Zinemea

Ester Martin, Carlos R. Rios eta Ester Cabero dira fikzinozko epaimahaia osotuko dabenak.

Zinegoak jaialdiak bere 15. edizinoa ospatuko dau zezeilaren 19tik martiaren 4ra arte, eta beste urte batez, programazinoaren osogai nagusiak zinema ona eta sexu aniztasuna izango dira. Aurten lehenengo aldiz, jaialdiaren antolatzailea sortu barri dan Zinegoak alkartea izango da, izan be, azken urteetan jaialdiak hazkunde nabarmena izan dau. Horren adibide dira jaialdiaren iraupena (Programazino ofiziala, zabalkundea herriz herri eta aurre-jaialdia, hilebete baino gehiagokoa da), bisitari kopurua (10.000 baino gehiago igaz) eta bere zabalkundea Euskal Herrian eta nazinoartean.

Aurtengo epaimahaia be garapen horren isla da. Fikzinozko Epaimahai Ofiziala honako kideek osotuko dabe:

- Carlos R. Rios (La Seu d'Urgell, Lleida, 1968). 2010. urtetik Bartzelonako D'A Film Festival jaialdiko zuzendaria da, 100.000 retinas zinema-erakundean sortzaile eta sustatzailea. Horren bidez, Cineambigu zikloa koordinau eban, Estaduan banatzailerik ez dauen nazinoarteko zinemeari lekua eginez.

- Ester Martin Bergsmark (Suedia, 1982). Zuzendaritza onenarentzat hainbat sari jaso ditu: 43 IFF Rotterdam (Pelikularik Onena), 18 Queer Lisboa (filmik Onena, Interpretazinorik Onena)… 2015ean, Zinegoaken bertan, filmik onenaren saria jaso eban Nånting måste gå sönder lanak (Something Must Break). Horrez gan, Maggie Vaknar på Balkongen (Maggie in Wonderland) eta Pojktanten (She Male Snails) pelikulen zuzendaria izan da.

- Esther Cabero (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1981) 2011ko garagarrietik Kimuak euskal film laburren banaketa eta sustapen programearen koordinatzailea da. Bere ibilbidea Donostiako Zinemaldian hasi zan, industria arloko arduradunaren laguntzaile. 2009an, Espainiako Zinema Akademiako Kultura Departamenduan sartu zan, eta zinema programazinoan eta erakusketen diseinuan ibili zan.

Bigarren urtez, Zinegoak-ek dokumentalentzako nazinoarteko epaimahaia berenberegi izango dau. Holan, jaialdiak indar berezia emongo deutse mueta honetako lanei aurten be. Epaimahaikideak honakoak izango dira:

- Raquel Marques, dokumentalen errealizatzailea, ikus-entzunezko formakuntzearen alorrean lan egiten dau. Bere asmo nagusia intimidade espazioen eta publikoaren arteko harremanak dira. Gorputzak eregiten dituan esperientzietan be arretea jarten dau. Bere lanen artean, honakoak nabarmendu daitekez: A Casa que eu quero (2010), Arreta (2016, igaz Zinegoaken saria jaso eban), F(r)icciones entre el trabajo y la vida (2017). Laboratorio Reversible zinema analogikoaren alkartearen bazkide sortzailea da.

- Koldo Atxaga, Arte Ederretan lizentziadua eta Ikusentzunezko Komunikazinoan Doktorea da. EHUko irakaslea da, diseinu grafiko arloan. Lurraldeak eta Mugaldeak –Research on Documentary Filmmaking– taldeko kidea da. Diseinatzaile legez, hainbat ikus-entzunezko proiektutan hartu dau parte, kredituak, kartelak zein merchandisingaren egilea izanik.

- Maria Luisa Municio, Valladolideko CinHomo Jaialdiaren programatzailea eta buruetako bat da. Valladolideko Kultura Zerbitzuan lan egin dau, eta gaur egun Jesus Pereda Fundazinoan dabil. Horrezaz gan, La Ciudad Imaginada eta Leoneko Zinema eta Telebista Jaialdiagaz kolaboretan dau. FT CyL-ko presidenteordea eta Dialogasexeko Idazkaria be bada.

Modu berean, jaialdiaren ganerako epaimahakideak alkarte, mobimendu eta erakundeetako ordezkariak izango dira.

Off Epaimahaia (film labur eta pelikula esperimentalakaz lotutakoa) tokiko sortzaile eta artistez osotuta egongo da: Alaitz Arenzana artistea (Sra Polaroiska), Fer Montoya (antzerki zuzendaria) eta Maria Salazar (kultura kudeatzailea eta Histeria Kolektiboa alkarteko programatzailea).

Aniztasuna eta Giza Eskubideetako epaimahaikideak honakoak izango dira: Aimar Rubio (Amnesty International),  Gorka Lopez Aranzamendi (Zinema Ikusezina Bilboko jaialdiko kidea) eta Idoia Aldama (Bizkaiko Foru Aldundiko Bardintasuna, Lankidetza eta Aniztasuna Zuzendaritzako ordezkari moduan, sari honen babesleak).

Lesbianismo eta Generoaren Epaimahaia hainbat alkartez osotuta egongo da. Aurreko urteetan egin eben moduan, MDMA, Aldarte eta Sare Lesbianistako kideez gan, Mosuak alkarteko ordezkariak be izango dira. Euskal Aktoreen Batasunari jagokonez, epaimahaiaren ordezkariak Bego Guerrero, Ana Furones eta Judit Lorenzo izango dira.

Azkenik, ikus-entzunezko komunikazinoa ikasten dabizan ikasleek Gazteen Saria emoteko ardurea izango dabe. Parte hartuko daben hezkuntza-zentroak honakoak dira: IEPFS Tartanga, EHUko LGTB Liga, Euskal Herriko Zinema Eskolea eta IMVAL.

Danetara, beraz, 50 persona baino gehiago ibiliko dira epaimahai lanetan, laster hasiko dan edizino honetan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu