Euskal Eskola Publikoaren 27. Jaia Lekeition

Bizkaie! 2017-11-21 08:54

Zapran gagoz da 2018ko bagilaren 3ko Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren leloa, arrantzaleek erabilten daben esamoldea arrantzan suberte ona izaten dabenean.

Pasa dan zapatuan Euskal Eskola Publikoaren 27. Jaia aurkeztu eben Lekeition Ana Puente EHIGEko kideak eta Maitena Gerikaetxebarria, Lekeitioko eskola publikoko amak. Aurkezpen ofizialaz gan argazki erraldoi bat egin eben ikastetxeko kideakaz eta hainbat jarduera egin zituen goizean zehar.

1994tik, Euskal Eskola Publikoaren Jaia ospatzen dabe guraso alkarteok, eskola-komunidadeetako ganerako kideakaz batera eskola publikoa hezkuntza-sistemearen ardatza izan behar dala aldarrikatzeko asmoz. Ikastetxe publiko bategaz alkarlanean antolatzen dau EHIGE-k urtero jai hau, oraingo honetan Lekeitioko eskola eta institutuko kideakaz batera.

Kontuak kontu, 2018ko bagileko lehenengo domekan, bagilaren 3an, izango da hitzordua.

Zapran gagoz da Euskal Eskola Publikoaren 27. Jaiaren leloa, arrantzaleek erabilten daben esamoldea arrantzan suberte ona izaten dabenean.

Irudiak be herri arrantzale bat islatu nahi izan dau kolore desbardinetako arrainakaz.

Eta horrek guztiak isla dauka Lekeitioko eskola publikoan: eskola alaia eta koloretsua, gizarteari herrian errotutako kalidadezko euskal eskola publikoa eskaintzeagaz inplikauta dagoan hezkuntza-komunidadea.


Lekeitio

Lehen hezkuntzako eskola eta institutu publikoa ditu Lekeitiok, 725 ikasle guztira. Lea Artibaiko ganerako ikastetxe publikoakaz batera (19 ikastetxe, 512 irakasle eta 2500 ikasle) eskola publikoaren aldeko Batuz plataformea osotzen dabe.


EHIGE

Federautako 500 IGE baino gehiagogaz, Euskal Eskola Publikoaren baruan ordezkaritza handiena dauen erakundea da EHIGE: Baikara, BIGE, Denon Eskola, Gipuzkoako Eskola Txikiak eta Ikas-bi federazinoek osotzen dabe.

Euskal hezkuntza sistemearen oinarrizko ardatz egituratzaile izango dan eskola publiko euskalduna, kalidadezkoa, inklusiboa, ekitatiboa, demokratikoa, laikoa, barritzailea eta solidarioa defendiduten dau EHIGEk.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu