Bizkaiko Bertsolari Txapelketan izena emoteko epea zabaldu dabe

Bizkaie! 2017-11-07 12:19   Bertsolaritzea

Udabarrian hasiko da 2018ko edizinoa.

2016an jokatutako udabarriko faseko saio bat (argazkia: Bizkaiko Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bertsolari Txapelketa Nagusia martxan dago oraindino eta horrek erakarten dau zaleen arretea, baina 2018ko Bizkaiko Txapelketea be ez dago urrun, udabarrirako martxan egongo da eta. 2016ko edizinoan legez, fase bi izango ditu, udabarrikoa eta udagoienekoa, eta lehenengo horretan izena emon nahi dabenentzako epea zabalik dago.

Bizkaiko Bertsozale Alkarteak azaldu dauenez, zemendiaren 14ra arte daukie bertsolariek Bizkaiko Txapelketan izena emoteko. Horretarako, bizkaia@bertsozale.eus helbidera mezua idatzi edo 94 681 27 11 telefono zenbakira deitu beharko dabe. Alkarteak dino datak errespetau beharrekoak izango dirala, beraz, epez kanpoko eskabiderik ez dabe onartuko.

Orain izena emoten daben bertsolariek apirileko eta maiatzeko udabarriko fasean kantauko dabe. Aurretik txapelketan finalista izandakoak, baina, udagoieneko fasean hasiko dira kantuan, urrian, eta horreek ez dabe orain izenik emongo, maiatzean eurentzako beste epe bat zabalduko da eta.

Fase bi daukazan formatu hau 2016an estreinau eban Bizkaiko Bertsozale Alkarteak, eskualdekako sailkatze faseak agortuta egozalakoan eta txapelketeari beste freskotasun bat emon guran. Halandaze, eskualde guztietako bertsolariak batera kantuan ibiliko dira 2018ko apirilean eta maiatzean, hainbat saiotan. Onenek udagoieneko fasean kantauko dabe, aurretik finalista izandakoakaz batera. Bigarren fase horrek egitura tradizionala dauka, kanporaketa, finalaurreko eta finalagaz. 2016an Etxahun Lekue izan zan txapeldun.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu