Mendi Short Film Laburren Lehiaketea abian da
2017-09-05 12:06 ZinemeaBilboko Mendi Film Festivalek egile amateurrentzat bultzatzen dau.
Mendiaren, abenturearen eta naturearen inguruko pelikulak dira Mendi Short sariketearen ardatza. Edozein zinemazalek parte hartu leike, profesionalak ez diranei zuzendutako ekimena da eta. Aurten lehiaketearen 4. edizinoa da eta zemendiaren 12ra arte entregau leitekez lanak.
Mendi Shortera aurkeztu ahal izateko, pelikulak gehienez bost minutukoak izan beharko dira, eta aurten bertan egindakoak. Mendi Film Festivalek jorratzen dituan gai guztiak onartuko ditue: alpinismoa, eskaladea, mendiko kirolak, abenturea, eskia, muturreko kirolak, ekologia, etnografia, ingurumena eta abar.
Nazinoarteko lehiaketea dan ezkero, edozein herrialdetako parte-hartzaileak egon leitekez baina, hori bai, egile bakotxak film bakarra aurkeztu ahal izango dau. Euskeraz edo gaztelaniaz ez dagozan pelikulen kasuan, ingelesezko azpititulu eta guzti aurkeztu beharko dirala zehaztu dabe antolatzaileek.
Irabazleak Mendi Short 2017ko Film Laburrik Onenaren saria jasoko dau eta pelikula hori Mendi Film Festivalen proiektauko dabe, jaialdiaren bigarren asteburuan, Bilboko BBK Salan. Aurtengo Mendi Film Festival abenduaren 8tik 17ra bitartean egingo dabe eta dagoeneko hamargarren edizinoa izango dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!