Jerry Lewis aktore amerikarra hil da

Bizkaie! 2017-08-21 10:26   Zinemea

Umorearen arloan nabarmendu zan.

Jerry Lewis, 'The Nutty Professor' filmean | Ikusi handiago | Argazki originala

Ibilbide luzea egin eban Jerry Lewisek Hollywooden eta 20. mendearen bigarren erdiko komediaren izar handietako bat bihurtu zan Estadu Batuetan. Haren senideek azaldu dabenez, 91 urtegaz hil da, Las Vegasko bere etxean.

New Jerseyko Newark urian jaio zan Lewis, 1926an. Gazterik egin eban debuta zineman, 1940ko hamarkadearen amaieran. Ondoren, Dean Martinegaz osotu eban bikote umoristikoak ospe handia ekarri eutsan. Zineman zein antzerkian agertzen ziran sasoi haretan.

Lewisen eta Martinen arteko hartu-emona ezinikusien ondorioz amaitu zan, baina New Jerseykoak pelikulak egiten segidu eban, arrakasteari eutsita. 2013an egin eban azken lana. Mende erdi baino gehiagoko ibilbidean hainbat pertsonaia gogoangarri antzeztu zituan, esaterako The Nutty Professor filmekoa. Ganera, zuzendari eta gidoilari ibili zan eta telebistan be agerraldiak egin zituan sarri. Telemaratoi solidario arrakastatsu bateko sortzaile eta aurkezlea izan zan (60 miloe ikusle batzen ditu urteroko hitzorduan gaur egun be).

Komedia garaikideko aktore ugarik adierazo dabe Jerry Lewis eredua izan dala eurentzat. 1960ko hamarkadearen amaieran kritikari batzuek esan eben Lewisen umorea agortuta egoala, beti antzeko txisteak erabilten zitualako, baina denporeagaz erreferente klasiko bihurtu da. Dana dala, bere figurea ilundu daben  jokabide polemikoak be izan zituan Lewisek. Esate baterako, txiste matxista eta homofoboak egin zituanean.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu