Dobako 19 antzezlan Bilboko Aste Nagusian

Bizkaie! 2017-07-21 11:08   Kulturea

Zirkua, magia, pailazoak eta kabaret-a izango dira zortzi egunetan.

Bilboko Udalak nazinoarte mailan ospe handia daben konpainia eta artisten ikuskizunez osotutako Kale Antzerkiaren programazinoa aurkeztu dau Aste Nagusirako. Guztira, 19 antzerki-taldek osotuko dabe aurtengo programea.

Ume zein helduentzako emonaldiak izango dira danak eta umorea, originaltasuna eta kalidadea batuko ditue.

Abuztuaren 19tik 27ra arte izango dira antzezkizunak Bilboko hainbat agertokitan: Arriaga plazan, esaterako, saio bi egongo dira egunero, 13:30ean eta 21:30ean, bakotxa 50 minutuko iraupenagaz. Gas plazan, barriz, txikitxuenentzako ikuskizunak izango dira egunero, 19:30ean, lehenengo domekan, hilaren 20an, izan ezik. Egun horretan 20:00etan egingo dabe.

Euskal Herria, Katalunia, Galizia, Italia, Argentina eta Etiopiatik etorritako konpainiak, besteak beste, izango dira oholtza ganean. Danetara, jatorri euskalduneko hamar antzerki-taldek, eta nazinoarteko beste hamar konpainiek osotuko dabe eskaintzea. Zirkua, magia, pailazoak, kabaret-a, argi jokoak, xaboi-burbuilak… disziplina guztiak buztartuko ditue Aste Nagusian.

Zortzi egun horreetan beraz, munduko hainbat errealidade ezagutzeko aukerea egongo da. Holan, Panpotx Kultur Alkarteak baso sorgindu baten sartuko gaitu Baso liluragarria ikuskizunagaz; Trotamundos antzerki-taldeak istorioen kutxa zabalduko dau milaka kontakizun kanporatuz; Afrikara bidaiatzeko aukerea be egongo da eta Robin Crusoe-ren ugartea ezagutuko dogu. Honeek dira Aste Nagusian izango diran ikuskizunetako batzuk.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu