Eulalia Abaituaren argazkiek eta euskal idazleen testuek bat egin dabe, Euskararen Etxean

Bizkaie! 2017-04-20 08:37   Kulturea

Irailera arte ikusi ahal izango da Estereoskopiak 16+16 erakusketea Bilbon, Azkue Fundazinoaren eta Euskal Museoaren arteko lankidetzeari esker.

Eulalia Abaituaren argazkietako bat | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal argazkigintzearen aitzindarietako bat izan zan Eulalia Abaitua bilbotarra (1853-1943). Ingalaterran izan eban argazkigintzearen barri eta, batez be, beirazko xafla estereoskopikoakaz lan egin eban. Hain zuzen, Abaituak formatu estereoskopikoan ateratako hamasei argazki dira erakusketearen oinarriak.

Argazkiak hiru dimensinotako kopia anaglifoak dira, Azkue Fundazinoak azaldu dauenez. Hortaz, betaurreko berezi batzuk erabilita ikusi behar dira. Ganera, irudiari berbak gehitu deutsiez erakusketan. Argazki bakotxagaz batera, gaur egungo 16 emakume idazlek idatzitako testuak entzun leitekez, testu bakotxa argazki bati lotuta. Entzungailuen bidez, argazkien inguruan idazleek sortutako istorioak, poesiak, gutunak eta abar entzun ahal izango ditue bisitariek.

Honeek dira testuak idatzi dituen autoreak: Uxue Alberdi, Katixa Agirre, Aurelia Arkotxa, Yolanda Arrieta, Leire Bilbao, Itxaro Borda, Tere Irastortza, Karmele Jaio, Mariasun Landa, Miren Agur Meabe, Laura Mintegi, Lourdes Oñederra, Eider Rodriguez, Danele Sarriugarte, Ana Urkiza eta Arantxa Urretabizkaia. Testuak euskeraz, gaztelaniaz eta ingelesez entzun leitekez.

Iragan bisuala eta ahozko orainaldia buztartuta, magia biztutea da erakusketearen helburua, Azkue Fundazinoak azaldu dauenez. Irudia eta testua buztartzeko ahalegin horretatik dator Estereoskopiak 16+16 izenburua be, 16 argazkiri beste horrenbeste testu batu jakoz eta.

Ganera, Eulalia Abaituaren ibilbidea eta lana gizarteratu nahi dabe Azkue Fundazinoak eta Euskal Museoak. Izan be, euskal argazkigintzearen aitzindarietako bat izan zan. Bere familiaren argazki asko atera zituan Abaituak eta, horrezaz gan, persona anonimo eta apalen irudiak hartzea gustoko eban. Sinpletasuna eta fintasuna dira bere argazkien ezaugarri nagusiak. Abaituaren lanari esker, sasoi bateko Bilboren eta bertako biztanleen egunerokoa ezagutu leiteke.

Bilboko San Inazio auzoko Euskararen Etxean dago erakusketea, irailaren 30era arte. Sartzea doban da.

2017/04/12 - 2017/09/30

Bilboko Euskararen Etxean

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu