Bizkaiko Foru Aldundiak 424.000 euro bideratuko ditu jarduera kulturalak sustatzeko
2017-03-15 10:53 KultureaEuskera eta Kultura Sailak bost dekretu onartu ditu, interes orokorreko ekimen kulturalak babestu eta bultzatzeko. Arte eszenikoetan egingo dau Aldundiak ahaleginik handiena.
Kalidadezko jarduera kulturalak bultzatzea da onartutako diru-laguntzinoaren helburu nagusia, eragile kulturalek antolatutako proiektuei babesa emonaz, Elena Unzueta Bizkaiko Foru Aldundiko bozeroaleak azaldu dauenez. 424.000 euro bideratuko ditu erakundeak zeregin horretara.
Bizkaian lan egiten daben eragile kulturalek eskatu leikie dekretuotan zehazten dan babes ekonomikoa. Foru Aldundiaren asmoa da, herrialdeko mankomunidade eta udalerri ugaritara eskaintza kultural erakargarria eroan ahal izatea.
Hainbat alorretan eragin nahi dau Foru Aldundiak baina, batez be, arte eszenikoetara begira jarri da oraingoan. 120.000 euroko partidea onartu dau arte eszenikoakaz lotutako ikuskizunak antolatu daitezan: jantzea, antzerkia eta musikea sartzen dira atal horretan. Eragileek maiatzaren 31ra arte eskatu ahal izango dabe diru-laguntzinoa.
Era berean, Gobernu Kontseiluak 100.000 euroko beste partida bat onartu dau, Bizkaiko Federazino Kulturalentzat. Euskal kulturearen eta folklorearen arloko proiektuak babestuko dira laguntzino horren bidez. Bestetik, antzerki eta jantza ikuskizun eszenikoak bultzatzeko diru-laguntzinoa be onartu da, kasu horretan 80.000 eurokoa.
Ekimen zehatzagoak finantzatzeko beste dekretu bi be onetsi ditu Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak, 40.000 eta 84.000 eurokoak hurranez hurran. Loraldia Festibala, Musika-Música, kontzertuak eta abar dagoz dekretu horreetan lagundutakoen artean.
Dekretuen eta diru-laguntzino deialdien ganeko informazinoa plazaratu dau Bizkaiko Foru Aldundiak, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!