Gernikako uriaren sorrerearen inguruko antzezlana aurkeztuko dabe apirilaren 1ean

Bizkaie! 2017-03-14 09:51   Kulturea

1366ko gertakariak oholtzara eroango ditue 33 aktorek Gernika 650 obran. Lizeo Antzokian izango da emonaldia.

Elai Alai aretoan egindako aurkezpena (argazkia: Busturialdeko Hitza) | Ikusi handiago | Argazki originala

1366an sortu zan Gernikako uria eta, gertakari horren 650. urteurrena dala eta, ekitaldi ugari egiten dabiz hileotan. Egitaraua biribiltzeko, hainbat herritarrek alkarlanean sortutako antzezlana aurkeztuko dabe Lizeo Antzokiko eszenatokian. Erdi Arora, 1366ko apirilaren 28ra, eroango ditu ikus-entzuleak obra horrek.

Gernikar ugarik parte hartuko dabe antzezlanean. 33 aktoreen artean, antzerkigintzan ibilitakoak eta bape esperientziarik bakoak egongo dira. Edadeari jagokonez, 7 eta 70 urte bitarteko aktoreak izango dirala zehaztu dabe antolatzaileek, Elai Alai aretoan egindako aurkezpenean.

Mila Artetxe da antzezlanaren zuzendaria eta gidoilaria. Beragaz batera egon dira Elai Alaiko agerraldian Vicente del Palacio Gernikazarra alkarteko ordezkaria, Ricardo Abaunza Gernika-Lumoko Kultur Etxeko zuzendaria eta Iñigo Magunagoikoetxe Gernika-Lumoko Udaleko zinegotzia.

Lan handia da Gernika 650 obrea atontzea, Artetxeren esanetan. Alde batetik, urritik astean bitan egiten ditue entseguak. Bestetik, Erdi Aroko giroa sortzea be ez da erraza izango: Erropak Balmasedako Udalak itxiko deutsez eta makillajerako adituak ekarriko ditue Santurtzitik.

Gernikako uribildua zelan sortu zan agertuko dabe antzezlanean. Inguru haretako merkataritzeak eragindako aberastasuna ikusita, Bizkaiko Jaunak Gernikako uria sortzea erabagi eban 1366ko apirilean. Sasoi haretako herritarren kezkak eta pozak erakusten ahalegindu dira. Mila Artetxe zuzendariaren esanetan, erronka handia izan da historia hori kontetea, baina gustura geratu da egindako lanagaz.

Antzezlanaren bultzatzaileek azaldu dabe, proiektu hau lan boluntarioari esker sortu dala. Parte-hartzaile guztien artean dagoan giro ona azpimarratu dabe eta ilusinoz dagozala dinoe. Apirilaren 1ean, arratsaldeko 20:00etan, antzeztuko dabe Gernika 650, Lizeo Antzokian. Laster ipiniko ditue sarrerak salgai, euro bian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu