Sara Campilloren artelanak Bilboko Rekalde aretoan, Barriek programeari esker

Bizkaie! 2017-03-14 08:08   Kulturea

Bizkaiko artista gazteen lana bultzatzeko Bizkaiko Foru Aldundiaren programea da Barriek. Sara Campilloren erakusketea apirilaren 30era arte ikusi ahal izango da.

Ätakontu kolektiboaren barruan garatu dau Magic Kingdom izeneko proiektua Sara Campillok. 2016an Barriek bekea eskuratu eban horri esker. Igazko bekadunen lanak Rekalde aretoko Kabinete Abstraktuan erakusten dabiz aurten eta Campilloren txandea da apirilaren azken egunera arte.

Artearen eta modearen munduak bat egiten dabe Ätakontu kolektiboan. Ilustrazinoa eta ehun-estanpazinoa oinarri dirala, disziplina anitzeko egitasmoa da. Sara Campillogaz batera, Ibai León da kolektibo horretako beste kidea.

Ätakonturen ardatzagaz bat dator Barriek programako erakusketan Campillok aurkeztu dauen obra moltsoak, Rekalde aretoko arduradunek azaldu dabenez. Magic Kingdom izenburupean, papelaren mugak eta ilustrazinoen bidimensionalidadea gainditu nahi izan ditu kolektiboak. Instalazino edo eszenografia itxurea emon deutso lanari Ätakontuk, adierazpide objektualago baten bila.

Artelanetan arakatuta, bisitariak erreferentzia ugari topauko ditu: 1990eko hamarkadako jostailuak, retro estiloko erropen geometriak, reality-show-en aitamenak eta abar. Baita artista ezagun batzuen erreferentziak be (Murakami, Hockney, Koons...).

Apirilaren 30era arte zabalik egongo da Magic Kingdom erakusketea, Rekalde aretoko Kabinete Abstraktuan. Sartzea doban da.

Sara Campillo Arte Ederretan lizentziaduna da eta Bilbon bizi da gaur egun. Barriek 2016 deialdiaz gan, beste hainbat sariketatan aukeratu dabe, esaterako BilbaoArte Fundazinoan, Artelekun eta foru aldundietan. Ätakontu kolektiboaren barruan, hainbat lekutan ikusi ahal izan dira bere sorkuntzak, tartean Bilboko Guggenheimen eta Lisboako galerietan.

2017/03/07 - 2017/04/30

Bilboko Rekalde aretoan

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu