Nobedadez beteta datoz aurten Bizkaiko Foru Aldundiaren udalekuak

Bizkaie! 2017-03-13 12:56   Kulturea

Euskerea, herri kirolak eta euskal kulturearen tradizinoa lantzeko, programa pilotuak jarriko dira martxan.

Lorea Bilbao, Denis Itxaso eta Igone Martínez de Luna | Ikusi handiago | Argazki originala

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek alkarregaz aurkeztu ditue 2017ko udalekuetako kanpainak, 7 eta 13 urte bitartekoentzat. Arabatik Igone Martínez de Luna joan da ekitaldira, Gipuzkoatik Denis Itxaso eta Bizkaitik Lorea Bilbao Kultura diputadua. Bizkaiko eskaintzan barritasunak egongo dirala aurreratu dau Bilbaok.

Barritasun nagusia programa pilotu bi izango dira. Lorea Bilbaok azaldu dauenez, udalekuetan euskerea lantzen dabe umeek, baina ahalegin berezia egingo da aurten. Euskerearen erabilera informalagaz lotutako jarduera bereziak antolatuko dira. Ganera, beste gai bi be sakonago landu nahi ditue, herri kirolak eta euskal kulturearen transmisinoa hain zuzen.

Hori guztia programa pilotu bitan jorratuko dau Foru Aldundiak. Zornotzako Lauaxetan eta Trapagarango Zugastietan jarriko dira martxan. Proiektu pilotuez gan, urteroko udalekuetan ohikoak diran jarduerak eta jolasak be egongo dira.

Lauaxetakoa eta Zugastietakoa batera, honakoak izango dira Bizkaiko Foru Aldundiaren udalekuen egoitzak: Urduña, Gorliz, Lurraska (Ajangiz), Lapurreketa (Dima) eta Legasa (Nafarroa). Ganera, Gipuzkoako Foru Aldundiak Zarautzen, Orion, Hondarribian eta Seguran izango ditu udalekuak eta Arabakoak, Barrian, Zuhatzan eta Valderejon. Hiru erakundeen arteko trukeari esker, Bizkaiko ume batzuek beste herrialdeetako eskaintzan parte hartu ahal izango dabe.

Kontuak kontu, udalekuetako kanpainearen barruan, zazpina eguneko hainbat  txanda egongo dira, garagarrilaren 1etik abuztuaren 7ra. Bizkaiko Foru Aldundiak 1.572 plaza ipiniko ditu herrialdeko gaztetxuen esku. Gehien-gehienak euskera hutsean dira. Desgaitasuna edo menpekotasuna daukien neska-mutilentzako, plazen % 5 gordeta dagoz.

Eskabideak martiaren 24ra bitartean egin ahal izango dira (hemen). Behin eskabide guztiak jasota, apirilaren 24an zozketea egingo da, notario aurrean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu